Trañapadura industrialdera sartzeko zubia ordezkatzeko lanak hasi ditu URAk

Maialen Zuazubiskar 2022ko eka. 16a, 12:28

Lanen aurrekontua 1,7 miloi eurokoa izango da, 1,2 miloi Abadiñoko Udalak ordainduko ditu eta gainontzeko 500.000 euroak URA agentziak ordainduko du. Lanak 9 hilabeteko epean amaituta egon beharko dira. 

Uraren Euskal Agentziak N634 errepidetik Trañapadura industrialdera sartzeko zubia eraikitzeko lanei ekin die. Zubi berriak 20,20 metroko argia izango du eta bateragarria izango da Sarria ibaia egokitzeko erabiliko den ibilgu-zabalarekin. Gainera, Zubi horri esker N634 errepidetik industrialdera zuzeneko sarbidea egongo da.  “Erakundeen arteko lankidetzari esker, Abadiñorentzat funtsezkoa den eta denbora asko geldirik zeraman proiektua aktibatu ahal izan da. Obra honen bidez, uholdeei aurre egiteko segurtasuna indartuko dugu, baina, gainera, zubi berriak eta inguruko bideek Traña-Matienako hirigunetik trafiko astuna ateratzeko aukera emango digute", azaldu du Mikel Garaizabal Abadiñoko alkateak.

Bestalde, Antonio Aiz Uraren Euskal Agentziako zuzendariak zubi berriarekin Sarria ibaiko uraren joana "erraztuko" dela azaldu du. "Egungo zubiak ur askoko gertakarietan ur-lamina handitzea eragin dezake. Beraz, lan hauekin, pertsonen eta inguruko jarduera ekonomikoaren segurtasuna areagotzea du helburu", jarraitu du. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!