Zelaietako berrantolaketa prozesuan herritarren proposamenen %60a jaso dituztela dio Abadiñoko Udalak

Anboto 2022ko eka. 14a, 12:35

Abadiñoko EH Bilduk eguaztenerako, ekainak 15, herri batzarra deitu du; 'Zelaietako berrantolaketan eman hitza herriari' lemapean. 

Abadiñoko Udalak jakitera eman duenez, Zelaietako hirigunea oinezkoentzat egokitzeko prozesuak herritarrek apirilaren 26an egindako informazio-bileran aurkeztutako hobekuntza-proposamenen %60 jasoko ditu. Udaletik azaldu dutenez, hamar bat proposamen jaso ziren, beraien ikuspegi teknikotik aztertu dituzte eta proposamen erdiak plnagintzan sartuko dira eta beste bi modu partzialean ezarriko dira. 

"Oro har, baztertu egin dira ibilgailuen trafikoarekin jarraitzearekin zerikusia zuten proposamenak; izan ere, mugikortasun-azterlanaren helburua oinezkoentzako eta txirrindularientzako ingurune adeitsuagoa eta iragazkorragoa sortzea da. Ekarpen gehienak eguneroko mugikortasunaren esperientzian oinarritzen dira", azaldu du Mikel Garaizabal alkateak. 

EH Bilduk herri batzarra
Bestalde, Abadiñoko EH Bilduk Zelaietako berrantolaketan eman hitza herriari lemapean herri batzarra deitu du. Ekainaren 15ean, 19:00etan Txanportan egingo duten batzarra "premiazkoa" dela diote. "Zelaietan bizi edo mugitzen garen herritar gehienok oso kezkatuta gaude ikusita zelako norabidea hartu duen gure auzoak. Zelaieta zati bitan banatuta geratu da autoentzat, eta alde biak elkarrekin inkomunikatuta. Gainera, hainbat erabakik, bide-segurtasuna hobetu beharrean, arrisku berriak sortu dituzte", kritikatu dute EH Bildukoek. Arrazoi horiengatik eta beste hainbatengatik biharko herri batzarra deitu dute, eta herritarrei bertaratzeko deia egin diete. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!