Banarteren antzerki tailerreko kideek 'Juicios sin prejuicios' obra taularatuko dute Berrizen

Anboto 2022ko eka. 13a, 17:17

Obra aurtengo antzerki tailerrean parte hartu duten kideek antzetuko dute. Barikuan taularatuko dute, hilaren 17an, Berrizko Kultur Etxean. 19:00etan izango da.

Banarte Antzerki Taldeak antzerki tailerren XIII. edizioa abiatu zuen joan zen urrian. Orain, ikasturte amaiera ate-joka dabilen honetan, ikasleek urte osoan landutakoa taularatuko dute. Bariku honetan Juicios sin prejuicios obra eskainiko dute Berrizko Kultur Etxean. Emanaldia 19:00etan izango da. Lan taldea Durangaldeko hainbat herritako kideez osatuta dago. Zuzendari lanetan dagoena Mikel Areitiaurtena ermuarra da.

Juicios sin prejuicios obra Ricardo Combiren lan batean dago oinarrituta. Justiziak epaiak ematerakoan egiten dituen bereizkeriak ditu ardatz. Hau da, obrak zalantzan ipintzen du legearen aurrean denok berdinak garen ustea. Koadro bitan epaiketa bi irudikatzen dira eta zalantzan ipintzen da legearen aplikazioa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!