“Bezeroak ondo ezagutu eta eurentzat bidaiarik aproposena antolatzen ahalegintzen gara”

Maialen Zuazubiskar 2022ko eka. 9a, 08:37

Nuria Gonzalez eta Agus Garcia jendearen oporrak eta bidaiak antolatzen dabiltza 20 bat urtean. Durangoko bulegoan egin dute lan hori lehenengo, Abadiñoko Eroskin gero, eta Traña-Matienako bulegoan azken urteotan. 2018ko urrian zabaldu zuten Traña-Matienan bulegoa, eta pandemiak bete-betean kolpatu zituen arren lanez lepo dabiltza orain.

Beste sektore asko lez, zuek ere oso gogor kolpatu zintuzten pandemiak. 
Pandemiak bulego berrira lekualdatu berritan harrapatu gintuen. 2018ko urrian zabaldu genuen geure ofizina Traña-Matienan, baina txiki geratzen zitzaigula ikusi genuen eta 2020ko urtarrilean hona pasatu ginen, bulego handira. Otsailean, Txinan birus bat zegoela entzuten hasi ginen, baina ez genuen inondik inora horrelakorik espero. Martxoan zarratu egin behar izan genuen bulegoa, eta ia 2021eko maiatzera arte itxita eduki genuen. Hala ere, denbora tarte horretan ahal genuen moduan lan egin behar izan genuen. Azken finean, lan mordoa geneukan. Jendea etsita zegoen, eta gu ere horrela geunden. Jendeak erreserbak eginda zituen, eta, dirua itzultzeko, denekin berba egin behar izan genuen: airelineekin, hoteletakoekin eta bezeroekin. Gaur gaurkoz, airelinearen batek oraindino ez digu bileteren baten dirua itzuli, eta hori geuk aurreratu behar izan dugu. 

Baina iaz bulegoko ateak berriro zabaldu eta jendea bidaiatzen hasi zen. Zelakoa izan zen itzulera?
Jende asko beldur zen, baina beste asko bidaiatzeko irrikaz zegoen. Guk oso ondo saldu genuen, jendeak asko bidaiatu zuen estatuan zehar. Oso esperientzia ona izan zen. Gainera, herritarrengandik oso babestuta sentitu gara, une oro. 

Eta, aurten, zeintzuk dira bidaiatzeko gehien eskatzen dituzten tokiak?
Dagoeneko jendea hasi da kanpora irteten, Europatik zehar bidaiatzen batez ere. Orokorrean, jendeak zeozer erosoa gura du, eta momentu honetan Italiara eta Frantziara, Disneyra esate baterako, asko bidaiatzen dabil jendea. Baita Espainiako estatuko irletara ere.

Zergaitik gomendatuko zeniokete jendeari zuengana etorri eta bidaia zuekin hartzea?
Profesionalak gara, eta, nahiz eta erratu gaitezkeen, gure bezeroak ondo ezagutu eta eurentzat bidaiarik aproposena antolatzen ahalegintzen gara. Euren gustuen inguruan galdetzen diegu, eurekin enpatia sentitzen dugu eta ahalik eta bidaiarik politena antolatzen ahalegintzen gara. Bezero bakoitza mundu bat da, bakoitzak lehentasuna gauza bati ematen dio eta. Gainera, beti gaude hemen euren zalantzak eta arazoak konpontzeko. Eta, zelan ez, euren feedback-a entzuteko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!