Gernikako martxa zikloturistan Eneritz Iturriaga txirrindulari ohia omenduko dute

Anboto 2022ko eka. 8a, 12:23

Eneritz Iturriaga ezkerrean, Abadiñon umeei begira antolatutako txirrindularitza jardunaldi batzuetan parte hartzen.

Profesional zela izandako ibilbide oparoa eta emakumeen txirrindularitza sustatzen egindako lana aintzatetsi gura dizkiote.

Gernikako Aixerrotape Zikloturista Elkarteak 'Oiz Erronka' martxaren 12. aldia antolatuko du zapatuan. Hiru martxa daude aukeran: 162, 128 eta 72 kilometrokoak. Denak Gernikan hasi eta amaituko dira. Urtero txirrindulari bat omentzen dute proba hasi aurretik eta aurten Eneritz Iturriaga Mazaga txirrindulari ohi abadiñarra omenduko dute. Besteak beste, lore sorta bat emango diote eta dantzari batek Agurra dantzatuko dio. "Eneritz Iturriagak ibilbide luze eta oparoa izan zuen eta emakumeen txirrundularitza sustatzen lagundu zuen. Hori guztia errekonozitu gura diogu omenaldiarekin", adierazi dute Aixerrotapeko arduradunek. Gainera, Iturriagak distantzia erdiko proban parte hartuko du: martxa horrek 128 kilometro ditu, 2.250 metroko desnibelarekin.

Ibilbide oparoa

Afizionatuetan Cafes Baque, eta Ciclos Iturriaga taldeetan ibili ostean, Iturriagak 2001ean eman zuen profesionaletarako saltoa Bik-Toscany Sport taldearekin. Ondoren, hainbat taldetan ibili zen 2012n erretiratu zen arte. Beraz, txirrindularitza utzi zuenetik hamarkada betetzen da aurten.

Bere ibilbide oparoan zehar hamaika domina jantzi zituen Espainiako txapelketan, euretako zazpi urrezkoak. Espainiako erlojupekoa lau bider irabazi zuen, eta, errepidekoa, puntakakoa eta taldekako jazarpenekoa, behin. Nazioartean, sei bider parte hartu zuen Italiako Giroan; 2003an, hamabigarren amaitu zuen eta 2006an, hamargarren. Horrez gainera, hamaika bider aritu zen errepideko munduko txapelketan eta beste lau bider erlojupekoan.

Gaur egun, Eneicat UCI women´s cycling team txirrindularitza talde profesionaleko zuzendaria da eta gaztetxoen artean txirrindularitza sustatzen dihardu.

Martxa Oizetik igaroko dira

Omenaldiaz gainera, Gernikako martxak beste lotura bat ere badu Durangaldearekin. Izan ere, 2019an ibilbidea Bizkaia osora zabaldu zutenetik, Oiz mendate gainetik igarotzen dira. Markina aldetik igoko dute, Espainiako Itzulian igo ziren toki beretik. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!