Bi urteko etenaren ostean, San Antonio azoka egingo dute berriro Urkiolako santutegian. Abadiñoko Udalak, Urkiola Landa Garapenak eta Urkiolako Santutegiak elkarlanean antolatu duten azokak 34 ekoizle eta 150 abelburu batuko ditu. "San Blasekin hasi dugu denboralia eta orain San Antonioren txanda da. Azoka garrantzitsua da, San Blasek besteko tradizioa edo handiagoa duena, Urkiola bezalako leku paregabe honetan ospatzen delako. Horregatik jendea jai egun honetaz gozatera, Urkiolako Parke Naturalaren aberastasun naturalean murgiltzera eta gure lehen sektoreari laguntzera animatu gura dugu", azaldu du Mikel Garaizabal alkateak. Irene Zuazo Urkiola Landa Garapeneko teknikariak San Antonio azoka, azoka "berezi" dela aitortu du. "Gainera inguruko ekoizleentzat azoka oso aproposa da beraien produktuak ezagutzera emateko".
Egitarauari dagokionez, ekainaren 13rako azoka, trikitilariak, bertsolariak eta mezak antolatu dituztela, besteak beste jakitera eman dute gaur egindako prentsaurrekoan. Ekainaren 19an, berriz, Euskadiko Herri Kirol Txapelketa (gizonezkoen kintopekoena eta emakumezkoen harri-jasotze proba) izango dela azaldu du Iñaki Rekalde zinegotziak.
Horrez gain, berritasun modura aurten autobusa egongo dela jakitera eman dute. Autobusa 9:00etan, 10:00etan eta 11:00etan irtengo da Zelaietako autobus geltokitik eta Traña-Matienan eskola aurrean geldituko da. Bueltakoa 17:00etan eta 18:00etan irtengo da Urkiolatik.
Mezak
San Antonio azokagaz batera sanantonioetako mezak ere bueltan dira. Gainera, aurten Felix Moreno Santutegiko arduradunak jakitera eman du, Peli Romarateguiri omenaldi txiki bat egingo diotela. Horrez gain, jendeari bertaratzeko deia luzatu die.
EGITARAUA
EKAINAK 13
- 10:00/11:00/12:00/13:00 Mezak.
- 10:00-15:00 Ganadu eta baserriko produktuak.
- 11:00 Trikitilariak (Trikileku Taldea).
- 12:00 Meza Nagusia.
- Bertsolariak: Angel Mari Peñagarikano eta Millan Telleria.
EKAINAK 19
- 10:00/11:00/12:00/13:00 Mezak.
- 10:00-15:00 Azoka: Baserriko produktuak.
- 12:00 Meza Nagusia Leioako Abesbatzarekin.
- 12:45 Herri Kirolak - 2022ko Euskadiko Txapelketak.
- Emakumezkoen Harri-Jasotzea.
- Gizonezko Kintopekoen Harri-Jasotzea. - 16:00 Eingo Taldea: Fun-fun emanaldia (kantuak eta dantzak).