Abadiñoko Udalak Gorabide omendu du bere 60. urteurrenean

Anboto 2022ko mai. 25a, 15:19

Muntsaratz dorrearen erreplika bat, Abadiñoko ikurra, eman diete Gorabideko kideei.

Aurten 60 urte bete dira Gorabide sortu zela eta hori partekatzeko Mikel Garaizabal alkateak eta Javier Crespo alkateordeak harrera instituzionala egin diete Gorabideko hainbat laguni. "60 urte denbora asko da, bizitza osoa. Gorabidek eta Lantegi Batuak-ek ia 40 urte daramatzate gure udalerrian, Abadiñoko bizitza lotura estua duten erakundeak dira, eta pertsona eta udalerri gisa hazten laguntzen diguten loturak ehuntzen jarraitzen dute, gizarte irekiago, bidezkoago eta inklusiboagoratz. Horregatik guztiagatik, eskerrik asko eta zorionak", adierazi du prentsa ohar bidez Mikel Garaizabal alkateak.

Bestalde, Javier Crespo alkateordeak Gorabidek egindako lana balioan jarri du eta Abadiñon elkarteak "lan garrantzitsua" egiten duela azpimarratu du.

Horrez gain, Txema Franco elkarteko zuzendariak nabarmendu du, beraientzat Abadiño eta Abadiñoko Udala "oso garrantzitsuak" direla. Eta Jose Ramon Ugarriza Gorabideko erabiltzaileak, gogorarazi gura izan du adimen-desgaitasuna duten pertsonak "laguntzak" baino ez dituztela behar "beste pertsonen berdinak izateko".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!