Kantu bat gara, Dupla, Bulego eta Skakeitan Abadiñoko San Trokazetako bigarren asteburuan

Maialen Zuazubiskar 2022ko mai. 20a, 11:30

San Trokaz jaietako lehenengo asteburu arrakastatsuaren ondoren, abadiñarrak prest dira bigarren asteburuari ekiteko.

Gaur, 18:00etan, DJ Porrugaz umeentzako disko festa egongo da Txanporta plazan. Gauean, 22:00etan, Jon Maiak 'Kantu bat gara' proiektua aurkeztuko du. Zumaiako bertsolari eta abeslariak abesti ugari idatzi du hainbat musikari eta talderentzat azken 30 urteetan, eta horietariko batzugaz 'Kantu bat gara' disko-liburua kaleratu du. Maiaren kontzertua 22:00etan hasiko da. 

Zapaturako, egun osoko egitaraua antolatu dute Abadiñon. Umeentzako jolasekin eta gazteentzako emozio parkeagaz emango diote hasiera egunari. 12:00etan, Otxote Muñatones taldeak Zelaietako kaleak girotuko ditu eta, 14:30ean, abadiñarrak Ferialekuan batuko dira paella jatera.18:30ean, Orkestra elektrotxarangagaz kalejiran ibiliko dira eta, gauean, Dupla, Bulego eta Skakeitan taldeek kontzertua joko dute. 

Domekan amaituko dituzte jaiak, maiatzak 22, Gerbasi agur esanda. Aurretik, baina, artisautza azoka, tailerrak, dantzariak eta txokolatada egongo dira. Artisautza azoka 11:00etatik 15:00etara egongo da, Ferialekuan, eta dantzariek 18:00etan egingo dute euren saioa, Txanporta plazan. Saioaren ondoren, 19:00etan, txokolatada egongo da Txanporta plazan bertan.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!