Oihana Azkorbebeitia Euskadiko txapeldun ultra trailean

Anboto 2022ko mai. 14a, 20:12
Gaur Azpeitian jokatu den Domusa Teknik 40 MLK (40 miliak) proban Oihana Azkorbebeitia abadiñarra gailendu da nesketan, Leire Baraibar zumaiarrak eta Oihane Perez gernikarrak osatu dute podiuma.

Lur Basterretxea elorriarra bosgarren sailkatu da nesketan, eta Oier Salaberra elorriarrra hamazortzigarren mutiletan. 

Mendi lasterketen egutegian proba berri bat jokatu da gaur Azpeitian: Domusa Teknik 40 MLK (40 miliak). Proba berria izan arren oihartzun handia izan du, batez ere Euskadiko txapelketa jokatu delako ultra trail distantzian. 65 kilometroko proba izan da, 7.400 metroko desnibel metatukoa, horietarik 3.700 positiboak, eta bertan Oihana Azkorbebeitia korrikalari abadiñarra gailendu da nesketan (7.17.22). Sailkapen nagusian hamargarrena izan da. "Aspaldi baten ez dut honelako proba luzerik egin eta ez dut jakin zelan erantzungo zidan gorputzak, lasterketa bizkorra delako alde batetik, eta bero handia egin duelako jestetik", esan du Azkorbebeitiak. Lasterketa hasieran, 08:00etan, 18 gradu zeuden, eta 30 bueltan eguerdi partera. Beroaren eraginez, hainbat korrikalarik lasterketa bertan behera utzi behar izan dute.


Bero handia egin badu ere, giro bikaina sortu da Azpeitian eta ehunka zalek jarraitu dute lasterketa. "Antolakuntzakoen lana aipatu gura nuke, ez delako erraza lasterketa bat lehenengoz antolatzea, eta lasterketa itzela izan delako, alde guztietatik, baina batez ere sortu den giro bikainagaitik", nabarmendu du Azkorbebeitiak. 

Nesketan, Leire Baraibar zumaiarra sailkatu da bigarren (7.57.15), eta Oihane Perez gernikarrak osatu du podiuma (8.16.27). Lur Basterretxea elorriarrak bosgarren egin du nesketan (8.51.33). Mutiletan, Aritz Egea urretxuarrak irabazi du, nagusitasunez (6.01.32), eta Oier Salaberria elorriarra 18. sailkatu da, lasterketa bikaina eginda (7.46.05). Guztira, 420 korrikalarik parte hartu dute.

Gaizka gogoan
Gaur irabazitako Euskadiko txapela Gaizka herrikide eta Abadiñoko dantza taldeko kide izandakoari eskaini dio Azkorbebeitiak. "Gaizkak urtarril hasieran utzi gintuen, hutsune handia utzi zuen herritarrongan, eta gaur, maiatzak 14, urteak egingo zituen. Berari eta bere familiari eskaintzen diet gaurko txapela", amaitu du korrikalari abadiñarrak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!