Azken urteotan herritarrek aurrekontuetako diru zati bat zertara bideratzea gura zuten aukeratu ahal izan dute Abadiñon. Prentsa oharrean EH Bildukoek jakitera eman dutenez, 2020an udalak aurrekontu parte hartzailetara 50.000 euro bideratu zituzten, eta aurrekontu hauen prozesua udalak berak garatu zuen. Guztira 616 herritarrek parte hartu zuten. 2021ean, berriz, kopuru bera bideratu zuten, baina kasu honetan enpresa bat kontratatu zuten prozesua egiteko. Guztira 327 biztanlek hartu zuten parte.
Baina, aurten horretarako aukerarik ez dutela izango jakitera eman du Abadiñoko EH Bilduk. "2022an ez da aurrekontu parte-hartzailerik egongo. Aurten udala ez da gai izan enpresa bat kontratu eta esleipen prozesua garaiz egiteko, hortaz aurten ezingo da 2022ko diru partidarik parte-hartze bidez erabaki. Honek berriro erakusten du Abadiñon parte-hartzearen eta kudeaketa eraginkorraren kulturan oraindik bide luzea dugula egiteko", azaldu dute EH Bildukoek.