“Kalistenian gorputzaren pisua bakarrik baliatuz lan egiten dugu”

Aitziber Basauri 2022ko mai. 8a, 10:00

Ainhoa Villar abadiñarra orain urte eta erdi eskas hasi zen kalistenia entrenatzen, eta lehenengoz lehiatuko da, maiatzaren 14an, Malagako Kopan. Erresistentzia zirkuitu sorta egingo du eta gogo eta ilusio handiagaz doa. Ekainaren 5eko finalean lehenengoen artean geratzea du erronka, Espainia mailako txapelketan sartzea lortzeko. Astean bost egunez entrenatzen da, ordu eta erdi. Lau egunetan kalistenian jarduten du eta bosgarrenean hankak indartzeko ariketak egiten ditu. "Gorputz osoa berdintzeko. Kalistenian ezin ditugu hankak behar den beste indartu", argitu du.

Zer da kalistenia? 
Kalistenian aritzerakoan, gorputzaren pisua %100ean kontrolatzea da helburua, eta indarra landu behar da horretarako. Gorputzaren pisua bakarrik baliatuz lan egiten dugu, beste ezer erabili barik, fitnessean, bodybuilding egiterakoan edo kulturismoan ez bezala. Kalistenia taldeko modalitatea da gehienbat, eta aire librean entrenatzeko orduan eguraldiak eragina du. 

Geroago eta ezagunagoa da gure artean.
Hala da. Gainera, oso garrantzitsua da kalistenia ezagutarazteko egindako lana. Oso emakume gutxi gaude eta gehiago animatzea gura nuke. Aurreiritzi faltsuak ditugu. Uste dugun baino askoz indartsuagoak gara emakumeak, gizonak besteko indartsuak, eta eurek egindako guztia egin genezake. Konstantziagaz, pasioa ipinita eta behar den denbora eskainita lortu genezake maila horretara heltzea. Askotan guk geuk mugatzen dugu geure burua, uste dugu ezin dugula horrelakorik egin edo gizonentzako kirol bat dela. Gutxietsi egiten dugu geure burua, gizonak baino ahulagoak garela barneratzen joaten gara, eta oso indartsuak gara.

Zeintzuk onura ditu?
Beste edozein kirolen moduan, osasuntsua da. Dena dela, gure gorputzagaz lortzen dugun koordinazioa nabarmenduko nuke. Gure gorputzaz, gure buruaz jabetzea, eta hori guzti hori menperatzea. Horretarako, urte asko behar dira.

Noiz hasi zinen kalistenia praktikatzen?
Itxialdian. Betidanik gustatu zait, baina hemen ez dugu kalistenia parkerik izan. Gainera, ez dut izan gertu erreferenterik horretan hasteko. Baina itxialdian bakarrik egotera, gimnasiorik barik, entrenatzen hasi nintzen. Banuen oinarri bat, aurretik hiru urtez fitnessa egin nuelako, eta bideoak ikusi nituen. Itxialditik irteterakoan, fitnessa utzi eta kalistenian hasi nintzen. Gero, 2021ean, kalistenia parkea ipini zuten Durangon, eta asko hobetzeko aukera izan nuen. Bertan entrenatzen naiz, ahal dudan guztietan.

Zergaitik aukeratu zenuen kalistenia?
Bitxia da, sentimendu kontu bat izan zelako. Pertsona bat gustuko duzunean lez, eta ez dakizu zergaitik...  Horrelaxe azaltzen dut kalisteniagaz gertaturikoa (barrez). Urte batzuk egin nituen fitnessean, eta kalistenia ezagutu nuenean dena  aldatu zen. Lehenengoz besozko altxaldi bat egitea lortu nuenean barra finko batean eskegita, inoizko sentsazioa izan nuen, guztiz desberdina, magikoa. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!