Sanprudentzioak ekimenez beteta datoz zapatuan: Gazte Eguna da, paella txapelketa dago… baina klubak Astolan gura ditu zaleak. Hori dela eta, honako erabakia hartu dute: zelairako sarrera doakoa izango da. "Badakigu ez dena erraza izango egun horretan jendea erakartzea, baina ea denon artean giro polita sortzen dugun", adierazi du Gorka Moreno taldeko entrenatzaileak.
Zapatuan igoera matematikoki lortzeko, garaipena behar dute. Porrotagaz edo berdinketagaz, hurrengo egunera arte itxaron behar dute, Arratiak orduan jokatuko du eta. Arratiak irabazi ezik, Abadiño igoera ospatzeko moduan egongo da domeka eguerdian.
Abadiñoren azken urteetako martxa azpimarratzekoa da. Bost urtean hirugarren igoera lortu dezake Gorka Morenoren eta bere lantaldearen gidaritzapean.
Zalduaren bolada ona
Maila berean, Zaldibarko Zaldua sekulako mailan dabil azken jardunaldietan. Azken bost partiduak irabazi egin ditu, euretariko batzuk gol asko sartuta. Ez hori bakarrik, partidu horietan ez du gol bakar bat ere hartu. Zalduaren helburua mailari eustea da. Euren azpitik hamar talde daude, baina ez dago fidatzerik: azken seiak seguru jaitsiko dira, eta baliteke beste bi-hiru ere jaistea, arrasteen ondorioz.