Gelditzeko asmoz sortu duten jaialdiak zazpi talde hartuko ditu lehenengo edizio honetan. Kartel buruetako bat Vita Imana talde madrildarra da. Talde madrildarragaz batera Barakaldoko Vhaldemar taldea, Legazpiko Elbereth, Gasteizko The Faithless eta eskualdeko The Kraven eta Orion Child ariko dira. Jaialdiari amaiera, Unholy Covers taldeak emango dio. "Jaialdiari modu berezi batean amaiera eman gura genion, eta horretarako aproposak dira Bermeoko Unholy Covers bertsio taldeko kideak", azaldu du Sergio Correa Sugaar Musika Elkarteko arduradunak.
Bestalde, udaletik jakitera eman dutenez, Koba Live jaialdia "apustu bat" da. "Herritar batzuen apustu pertsonala da. Aspalditik lantzen ibili dira eta ikusi beharko dugu zer nolako harrera duen lehen edizio honek, baina jarraitzeko bokazioarekin iritsi da Abadiñora. Gainera honek eskaintza kulturala dibertsifikatzeko balioko du", azaldu du Argi Abad zinegotziak. Mikel Garaizabal alkateak, berriz, jaialdi honegaz "oso ilusionatuta" daudela aitortu du.