Zelaietako mugikortasunaren inguruan hitz egiteko bilera irekia deitu du Abadiñoko EH Bilduk

Anboto 2022ko api. 29a, 09:51

Bilera irekia maiatzaren 2an, 18:30ean, izango da Txanporta Kultur Etxean. 

Zelaietako mugikortasunaren berrantolaketa dela eta, Abadiñoko EH Bilduk bilera irekia egingo du. Oposizioak deitutako bilerak berrantolaketaren inguruan lortutako planoak eta informazioa herritarrei plazaratu eta bertaratutakoen ekarpenak jasotzea du helburu. "2013an Zelaietako mugikortasuna berrantolatzeko hausnarketa hasi zen. EH Bildutik hainbat saiakera egin ditugu herritarron parte-hartze prozesu integral bat gauzatzeko. Baina ordutik hona izandako udal gobernuek ez dute horrelakorik egin, eta 9 urteren ondoren hainbat arlo zehaztu gabe daude", kritikatu dute EH Bilduko kideek. 

Bestalde, momentu honetan nola dagoen azaldu dute. Alde batetik, bulego teknikoak fase desberdinetan banatutako aurreproiektu bat aurkeztu duela hirigintza batzordean jakitera eman du EH Bilduk, eta aurreproiektu horrekin alderdien artean eztabaida dagoela. Eta bestetik, epe laburrean Iturritxo ingurua norantza bakarrekoan jarri gura dela eta Soloara igotzen den errepidea moztu eta Txanportako sarrera ixtea proposatzen dela jakinarazi dute, besteak beste. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!