Bi urteko etena eta gero, San Antonio eguneko azoka egingo dute Urkiolan

Anboto 2022ko api. 20a, 20:35

Ekainaren 13an ospatuko da jaia, Urkiolako santutegiaren bueltan. Udalak baieztatu du nekazaritza eta abeltzaintza merkatua, postuak, erromeria eta txosnak egongo direla.

Abadiñoko Udalak iragarri duenez, datorren ekainaren 13an San Antonio eguneko azoka egingo dute Urkiolan. Ohiko eran antolatzea itxaroten dute. Nekazaritza eta abeltzaintza merkatuagaz, txosnaguneagaz, erromeriagaz, kultur proposamenekin eta kale animazioagaz. Horrez gainera, jaieguna ekainaren 19an ere errepikatuko dute. Programazioa zarratu barik dagoen arren, udalak zabalik ipini du nekazaritza eta abeltzaintza postuetan zein txosnetan izena emateko epea. Maiatzaren 27ra arte egongo da postuetan izena emateko epea. Horretarako udal bulegoetara edo haz@abadiano.eus helbideetara jo beharko da. Izen-ematea ekainaren 13rako eta 19rako, bietarako egin beharko da. Hau da, eskatzaileak derrigorrez ipini beharko du postua bi egunetan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!