Pumptrack pista berriak mailaka berezitako bi trazadura izango ditu, ume edo gazte hasi berriek eta esperientzidunek aldi berean jarduteko aukera izan dezaten. Gainera, instalazioa udalerriko bidegorri sarearekin konektatuta egongo da, bertara modu seguruan heltzeko, udal arduradunek azaldu dutenez. Adin askotako erabilitzaileentzat pentsatutako aisialdirako gune berria amaitzeko sei aste beharko dituzte. Hartara, ekainean pumptrack pista inauguratu ahal izatea espero dute udal arduradunek.
Pumptrack pista berriak Muntsaratzen dagoen aisialdirako berdeguneari erabilera berriak eskainiko dizkion kirol-esparru ludikoa izan gura du, udal ordezkariek azaldu dutenez. “Udalerriko kirol- eta aisialdi-eskaintza indartuko duen instalazioa da, baina, horrez gain, mugikortasun aktiboaren eta kirola egitearen aldeko estrategiaren barruan dago", Patxo Campo Kirol zinegotziak nabarmendu duenez.