San Prudentzio jaiak 2022

"San Prudentzio jaietan eta txosnagunean giro feminista sortzea denon ardura da"

Anboto 2022ko api. 13a, 10:10

Urte biko etenaren ondoren, bueltan dira Traña-Matienako jaiak eta, jaiekin batera, bueltan da sanprudentzioetako txosnagunea. Aurten ere, kioskoko plazan ipiniko dute txosnagunea; guztira, sei txosna izango dira. Euretariko bi eragile berri bik ipiniko dituzte, orain arte Traña-Matienako jaietan txosnarik ipini ez duten bik, hain zuzen ere.

Abadiñoko neska gazteen Izpilikuak talde feminista da txosna lehenengoz ipiniko duen talde horietariko bat, eta bertako kideak "gogotsu" daude. "Gogotsu gaude jaietarako. Pandemia hasi zenetik, inguruetako jaietako lehenengo txosnagunea izango da gure herrikoa eta jende asko itxaroten dugu. Beraz, guretzat jai giroan "gozatzea" izango da garrantzitsuena, "denok gozatzea eta denok eroso sentitzea". 

Izpilikuak taldeko kideek txosnagune feminista sortzearen garrantzia azpimarratu gura izan dute. "San Prudentzio jaietan eta txosnagunean giro feminista sortzea denon ardura da. Emakumeok kontzertuetako lehenengo lerroetan ere egon gura dugu, lasai dantza egin gura dugu eta hori bermatzea denon ardura da", jarraitu dute. 

Bestalde, emakumea espazio guztietan presente egotea garrantzitsua dela azpimarratu dute, baita eszenatokian bertan egotea ere. Eta horixe nabarmendu dute, hurrengo aldietan agertokian neska gehiago ikusi gura luketela. "Jaiak antolatzerako orduan, ikuspegi hau denok izan beharko genukeela presente uste dugu", gaineratu dute. 

Horrez gainera, aurtengo jaietan, beste herrietan lez, erasoen aurkako protokolo bat izango dutela jakinarazi dute. "Protokolo hau martxan ipini behar ez izatea gura genuke. Baina zeozer gertatuz gero, argi eduki erantzun bat emango dugula", amaitu dute Izpilikuakekoek. 

Mugimendu sozialista
Abadiñoko talde feministakoak ez dira Traña-Matienako jaietan estreinatzen diren bakarrak izango. Abadiñoko Mugimendu Sozialistak ere lehenengoz hartuko du bere lekua San Prudentzio jaietako txosnagunean.  "Hala ere, ez da lehenengo aldia Traña-Matienako jaietako txosna batzordean parte hartu duguna. Orain urte biko jaietan, ospatu ez ziren jai horietan, jaien antolakuntzan eta txosna batzordean egon ginen eta txosna ipintzeko asmoa geneukan. Baina pandemiagaitik dena eten zen, bai txosna batzordearen jarduna eta baita jaiak ere. Beraz, aurten lehenengoz ipiniko dugu txosna eta gogotsu gaude San Prudentzio jaietarako", azaldu du Txaber Altube Mugimendu sozialistako kideak. 

Bestalde, mugimendu sozialistako kideen hitzetan garrantzitsua da txosnagunean presente egotea aldarri politikoak kalera ateratzeko. "Guretzat garrantzitsua da orokorrean gure aldarri politikoak, mugimendu sozialistaren aldarri politikoak, kalean egotea. Hasieratik garrantzia eman diogun zerbait da eta iruditzen zaigu jai guneak eta txosnak, hainbeste jende eta batez ere hainbeste gazte langile elkartzen den espazioak izatera, egon beharreko lekuak direla interbentzio politikorako. Gainera, garrantzitsuak dira gure mugimenduak berak ere presentzia izateko. Bestalde, ezinbestekoa iruditzen zaigu urteetan bertan behera geratutako jaien antolakuntzan berriro ere parte hartzea eta txosna ipinita gure ekapena egitea. Azkenik, jai eremuak finantziaziorako iturri inportantea ere badira guretzat", amaitu du Altubek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!