San Prudentzio jaiak 2022

“Paella dela, tortilla dela… jatekoa dagoen lekuan, han inguruan ibiltzen gara beti jaietan”

Joseba Derteano 2022ko api. 11a, 10:20

Urtero legez, aurten ere saltsarik saltsa ibiliko dira Miguel Angel Munitxa Narbaiza eta Fermin Zubero Mañarikua jaietan. Parrilladan lehenengo, paella txapelketan gero, tortilla txapelketan segidan… Makina bat ekimenen antolakuntzan parte hartuko dute. 

Jaietako lehenengo asteburuan egunero dituzue zereginak. Barikuagaz hasiko gara: txosnetako txupinazoaren osteko parrillada prestatzen ibiliko zarete. 
Fermin Zubero:
Taldean egingo dugu. Saiheskia edo ekartzen dutena prestatuko dugu.  
Miguel Angel Munitxa: Gogorra izaten da, e? Ilara luzeak sortzen dira. 

Kozinatzea ala jendea atenditzea da gatxagoa?
M.A.M: Atenditzea! Kozinatzea ez da gatxa; lasaia da, baina jendea ilaran pilatzen hasten denean… 
F.Z.: Aurten hobeto ibiliko gara, parrilla berriak ekarri dituzte eta. Plantxa eta parrilla berriak izango ditugu.

Zapatuan hitzordu bi dituzue. Lehenengoa, paella txapelketa. 
M.A.M.: Bai, goizetik hasiko gara. Mahaiak eta aulkiak banatzen, izenak hartzen… 

Ez da lan glamurosoa, baina beharbada bai epaimahaikoa baino errazagoa.
M.A.M.: Epamahaiko lanak badauka bere zera, bai. Gugaz batera, urtero pare bat gazte ekartzen ditugu ikusi eta ikasi dezaten. Paelletan hiru alderdi puntuatzen ditugu: presentzia, gustua eta arrozaren puntua. 
F.Z.: Normalean, paella kontuetan ez da arazorik egoten. Beste kontu bat da tortilla txapelketan, egun bereko arratsaldean. Batzuetan, jendeak lehiaketako oinarrietan ez dauden osagaiak sartzen ditu. Batzuk zartaginean txorizoa frijitzen ikusi nituen behin, eta olio beragaz patatak frijitzen gero. Edo piperrak sartzen dituzte. Gero eurek jaten dutenez, euren gustura egiten dute. Tira, lagun arteko ekimenak dira, ondo pasatzea da helburua eta horrela hartu beharra dago.
M.A.M.: Batzuek tortilla txikia aurkezten dute, eta mehe-mehea… Aurtengo oinarrietan, zortzi arrautzako tortillak izan behar dutela zehaztea nabil pentsatzen. 

Zelakoa izan behar du tortillak? Gutxi egindakoa ala ondo egindakoa?
M.A.M.: Bakoitzak bere gustura egin dezala, baina barrua bero egon dadila. Tortillaren puntua ez dugu hainbeste begiratzen. Horretan malguak gara, baina gutxienez bero egon behar du. Kuriositatea bat: tortilla bertoko arrautzekin eginda badago, barrua lehenago gogortzen da. Kanpokoekin baino lehenago. Ez dakit zergaitik izango den, baina horrela da. 

Parte-hartzaileek presiorik egiten dizuete euren paellla edo tortilla aukeratzeko?
M.A.M.: Inoiz bai, baina guk ez dakigu zein den zeinena. Eta egun horretan ez dugu tortillarik edo paellarik egiten. 
F.Z.: Bazkaltzen ere ez gara geratzen. Inork ere ez dezan esan honen eta bestearen lagunak garelako irabazi dutela. 

Gazteei erakusten zabiltzatela esan duzue. Erreleboa gertu dago?
M.A.M.: Orain urte gutxi, gazte batzuek antolatu zuten eta gu laguntzera baino ez ginen joan. Amaitu zen eguna, eta ez zuten berriro antolatzeko gogorik. Goizeko zortzietan hasi eta iluntzeko bederatzietan amaitu… gogorra egiten da.
F.Z.: Guretzat ere nekagarria da, baina askotan egin dugu eta ondo moldatzen gara. 

Eta asteburua errematatzeko, domekan perretxiko pintxoekin ibiliko zarete.
M.A.M.: Bai. Jatekoa dagoen lekuan, han inguruan gabiltza beti. Paella dela, tortilla dela…
F.Z.: Geredixa elkarteagaz perretxiko pintxoak ematen ditugu. Aurten euro bat izango da pintxoa eta edaria. Ez da kobratzeagaitik, e? Baina, bestela, batek igual bost edo sei hartzen ditu… denei heltzeko egingo dugu. 

Zuek perretxikoak eta onddoak dituzue gurago?
F.Z.: Nik martxoko ezkoa perretxikoa dut beste ezer baino gurago, 'marzuelo' gaztelaniaz. 
M.A.M.: Segun zelan prestatuta dagoen. Baina niretzat urretxak eta gibelurdinak dira onenak.
F.Z.: Bai, nik ere berdin, martxoko ezkoaren atzetik urretxak eta gibelurdinak. 

Urte bian ez da jairik egon. Giroa betikoa izango dela uste duzue?
F.Z.: Seguru baietz, bigarren asteburuan batez ere. Hileko lehenengo asteburua da, jendeak kobratu du eta seguru jende asko etorriko dena.
M.A.M.: Hemengo jaietan zerbait seguru badago, horixe da, jende asko etorriko dela. Lehenengo asteburua gehiago izaten da bertako jendearentzat. Guk jatetxean [Taberna Zarra jatetxekoa da] dena beteta dugu lehenengo astebururako, eta auzokoak dira denak. 

Kozinatzea hainbeste gustatzen zaizuenez, Masterchef-en antzeko programarik egin balitz euskaraz, animatuko zinatekete parte hartzera?
M.A.M eta F.Z: Ez.
F.Z.: Horrelako programek gauza negatibo bat dute. Beti dago baten bat besteen gainetik agintzen eta zarata egiten. Hori ganorabako bat izatea da. Gauzak hobeto edo txartoago irtengo dira, baina horrela zarata egin? Hori ez da edukazio onekoa.
M.A.M.: Nik badakit zer gura dudan, eta ez da hori. Guk geure sukaldaritza egiten dugu eta pozik gaude. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!