San Prudentzio jaiak 2022

“Parte hartze handiagoa izan da jai batzordean. Gazteek hainbat ideia proposatu dute”

Jone Guenetxea 2022ko api. 12a, 10:00

Traña-Matienako jaiak  buru-belarri antolatzen dabiltza. Urte biko etenaldiaren ondoren, jai batzordeak egitarau zabala antolatu du. Ane Urien, Ilia Vazquez eta Jon Azagirre talde horretako kideak dira. 

Zelan joan da jaien prestaketa prozesua?
Jon Azagirre:
Orain hile bi inguru, aurkezpen bat egin zen Traña-Matienako jaiak normaltasunez egin ahalko zirela esateko. Harrezkero, astero batzen ibili gara.

Ilia, lehenengoz zabiltza jai batzordean. Zelako esperientzia izaten ari da?
Ilia Vazquez: Oso esperientzia ona. Herriarentzat gauzak egin eta proposatzea motibazio handia da. 

Nortzuek osatzen duzue jai batzordea?
J.A.: Mundu guztiak du lekua jai batzordean: norbanakoek, eragileek, elkarteek, taldeek... Deialdi zabalak egin ditugu eta interesa izan duenak parte hartu du.

Ane eta Jon, zuek esperientzia duzue jai batzordean. Igarri duzue aldaketarik urte biren ondoren?
Ane Urien: Parte hartzea handiagoa izan da. Orain arte txosna batzordetik ordezkari bat joaten zen, eta gero informazio hori txosna batzordean zabaltzen zen. Aurten, gazteek hainbat ideia proposatu dute. Gazte asko etorri da. 
J.A.: Egoerak baldintzatuta, aurten berandu hasi gara jaiak prestatzen. Aurreko urteetan, jai batzordearen indarra murrizten joan da eta orain jende gaztea sartu da. Azken urteetan izan dugun jai gabeziak gogo hori piztu duela esango nuke.

Maiatzaren 1a domeka denez, ospakizun egunak gutxitu egin dira aurten. Igarri duzue hori?
J.A.: 2020ko gauza asko ezin izan ziren egin eta aurtengorako utzi dira. Horrek egitarauan sartzen baditugu gauza berriekin batera, kontuan hartuta egun bat gutxiago dugula... Azkenean, konplikatua izaten da. 

Zer nabarmenduko zenukete egitarautik?
A.U.: Aurten zapatu potolo bi ditugu. Mozorro Eguna, Paella Eguna eta Gazte Eguna ditugu.
J.A.: Donien Atxa jasotzeko unea, dena hasten delako hor. 

Jaien denboraldiko lehenengo jaiak izango dira. Gogotsu zaudete?
I.V.: Gogotsu, bai. 
A.U.: Lar gogotsu.
J.A.: Jairik barik sozializatu barik egon gara, etxean sartuta. Horrek gogo berezia sortzen du aspaldi bizi ezin izan dituzun bizipenak bizitzeko. Bestalde, Traña-Matienako jaiak beti izan dira erreferentzia, inguruko lehenengoak direlako. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!