Oihana Azkorbebeitiak Kangas Mountain Maxi Trail mendi lasterketa irabazi du, Asturiasen

Anboto 2022ko mar. 5a, 22:06

Silvia Trigueros abadiñarra bigarren sailkatu da eta Roberto Iturralde eta Ibon Pujana durangarrek lehenengo eta hirugarren egin dute hurrenez hurren beteranoen B kategorian

Kompty Sport kirol klubak antolatuta, Kangas Mountain mendi lasterketak jokatu dira gaur Cangas de Onis herrian, Asturiasen. Hiru lasterketa izan dira guztira: Speed Trail (12 km), Original Trail (33 km) eta Maxi Trail (58 km). Hiru probetan, 1.500 bat korrikalarik parte hartu dute eta euretariko zenbait Durangaldekoak izan dira. Lasterketarik luzeenean, 3.500 metroko desnibel positiboa izan duen Maxi Trail proban, eskualdeko lau korrikalari protagonista izan dira. Emakumeetan, Oihana Azkorbebeitia lasterkari abadiñarra nagusitu da (7.09.58), eta Silvia Trigueros, bera ere abadiñarra, sailkatu da bigarren (8.06.24). Gema Carcoba kantabriarrak osatu du emakumeen podiuma (8.56.18). Azpimarratzekoa da Azkorbebeitia seigarren helmugaratu dela partaide guztien artean. Bost gizonezko baino ez dira sailkatu bere aurretik.

Beteranoen B kategorian, Roberto Iturralde durangarra izan da garailea (7.11.52), eta Ibon Pujana, bera ere durangarra, hirugarren helmugaratu da (8.09.26).

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!