Traña-Matienako jaiak normaltasunez ospatuko dira, txosnagune eta guzti

Ekaitz Herrera 2022ko mar. 4a, 20:00

Urte biko etenaldiaren ostean, jaiak bueltan dira Traña-Matienara. Bueltan, eta normaltasunez. Jai Batzordeak honako helburu hau lortu gura du: 2020an bertan behera utzi behar izandako egitaraua ahalik eta gehien betetzea.

Jaiak bai, txosnak ere bai. Abadiñoko Traña-Matiena auzoak jaiak berreskuratuko ditu urte biko etenaldiaren ostean. Jai Batzordeko eragileek arratsalde honetan egin dute lehehengo bilera, eta azken bi urteetan atzean utzi behar izandako guztia berreskuratzea ipini dute helburu legez. Hau da, 2020an bertan behera utzi behar izandako egitarauaren zatirik handiena martxan ipini gura dute aurten. Mikel Garaizabal alkateak baieztatu duenez, auzoko jaiak apirilaren 27tik maiatzaren 8era arte ospatuko dira, asteburu bitan. Ekitaldien artean, Jai Batzordeak paellen eguna eta gazte eguna egotea gura du, eta herritarrak deitu ditu horien antolakuntzan parte hartzera. "Hemendik aurrera eguaztenero-eguaztenero egingo ditugu antolakuntza bilerak. Antolakuntzan parte hartu gura duenak zabalik ditu ateak. Bilera irekiak dira. 18:00etan egingo ditugu, Errota kultur etxean", adierazi du Garaizabalek.

Txosnak bai, osasun egoerak baimenduta

Horrez gainera, Jai Batzordeak aurreratu du aurten txosnagunea egongo dela. Hori horrela, Traña-Matiena izango da eskualdeko jaien artean txosnen presentzia berreskuratzen lehenengotariko lekua. Alkateak ere txosnak ipintzeko asmoa berretsi du. "Gure asmoa da jaiak normaltasunez ospatzea. Txosnagunearekin ere bai. Beti ere, osasun egoerak bermatzen badu, eta momentu honetan, osasun egoerak hori ahalbidetzen du", esan du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!