Abadiñoko Udalak premia berezia duten familiei laguntzen jarraitzen du Elikagai Bankuaren bitartez. Asteon udalak prentsa ohar baten bitartez jakinarazi duenez, zaurgarritasun egoeran dauden Abadiñoko 50 bat familiak, hau da, herriko 200 bat lagunek jaso zuten Elikagai Bankuaren laguntza 2021ean. Udaletik azaldu dutenez, Elikagai Bankuak 18.047 kilo banatu zituen iaz, 2020an baino zertxobait gehiago. 2020an, 17.627 kilo elikagai banatu zituzten. Onuradunen kopuruari dagokionez, azken urte bietan onuradun kopuru bera egon dela jakinarazi du Javier Crespo alkateorde eta programako arduradunak. "Laguntza hori behar duten pertsonen kopurua ez da handitu aurreko urteagaz alderatuta. Gure ustez, hori positiboa da, baina, edozelan ere, adi egongo gara, baita gizarte zerbitzuen aldetik ere, beharrezkoak diren baliabideak erabiltzeko", azaldu du Javier Crespok.