Udan itxita egongo dira Abadiñoko igerilekuak

Anboto 2022ko ots. 17a, 11:07
Artxiboko irudia.

Astolako igerilekuetako estalki berriaren lanak egiten egongo direla eta, igerilekuak udan itxita egongo direla aurreikusten du Abadiñoko Udalak. "Astolako udal-igerilekuak ixteagatik instalazio horiek erabiltzeko beste herri batzuetara joan behar duten Abadiñoko bizilagunei konpentsazioa eman gura zaie diru-laguntzen bidez. Izan ere, aurten ere itxita egongo dira udan, estalki berria eraikitzeko lanak martxan egongo direlako", azaldu du udalak ohar baten bidez. 

Egoerak "arazoak" sortuko dizkiela onartu du udalak ohar baten bidez, hori dela eta, diru laguntza bat proposatuko du martitzenean egingo duten osoko bilkuran. "Badakigu Astolako igerilekuak ixteak arazoak eragiten dizkiela Abadiñoko familia askori, eta horregatik, laguntza hauen bitartez, udalak ahal duen neurrian hori arindu gura du. Azpiegitura horri behin betiko konponbidea emateko pausoak ematen jarraitzen dugu, obra berriro lehiaketara atera dugu, baina itxaron egin beharko da errealitate izan arte", azaldu du Iñaki Rekalde Ogasun, Ekonomia sustapen eta Enplegu zinegotziak. Inguruko udalerrietako igerilekuak erabiliko dituzten abadiñarrak diruz lagunduko ditu udalak, martitzeneko proposamena onartzen bada. Durangoko, Zornotzako, Atxondoko, Berrizko eta Elorrioko igerilekuak erabiltzeagatik, %50era arteko laguntza jaso ahalko dute eskaria egiten duten abadiñarrek.

EH Bilduren oharra

Abadiñoko EH Bilduren arabera, udalaren "eraginkortasun falta" agerikoa da. "Estalkiaren obra ez dago esleituta eta obrak berak gutxienez sei hilabete beharko dituela kontutan hartuta, uda honetan ez dugu igerilekurik izango. Merkatuko prezioek gora egin dute, eta atzerapenaren ondorioz, lizitazio-prezioa 500.00 euro garestitu da. Gauzak gaizki egiten ari dira epeei eta baldintza-orriei dagokienez".

Hain zuzen ere, bi urte bete dira oraintsu Astolako igerilekuetako estalkia jausi zenetik.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!