Otsailaren 26an Laukizen jokatuko da Euskadiko sokatira txapelketa. Bertan izango dira estreinakoz Abadiño sokatira taldeko emakumeak, 500 kiloko kategorian. Mutilek ere parte hartuko dute goma gaineko txapelketa honetan. Hauek 560 kilokoan ariko dira.
Joan zen zapatuan Pobesen (Araba) jokatutako txapelketan lortu zuten finalerako txartela Abadiñoko neskek. Pobeseko txapelketara Abadiño talde bigaz joan zen eta bakarrak lortu zuen finalera sailkatzea. Hamar taldetik seik lortu zuten finalerako txartela eta Abadiñoko bigarren taldea zazpigarren gelditu zen.
Asteburuan Ibarrara
Bestalde, otsailaren 19an Ibarran jokatuko den txapelketa mistoko finalera (lau mutil eta lau neska) talde bi eramango ditu Abadiñok.