“San Blas azoka egun handia izaten da baserritarrontzat”

Jone Guenetxea 2022ko ots. 2a, 09:06

Jacinto Iturriagaetxebarriak ondo baino hobeto ezagutzen du Abadiñoko San Blas azoka. Abadiñarrak 35 urtean eraman ditu bere abelburuak azokara. Gazteluko baserrian mimo handiz zaintzen du ganadua. 1993an saria jaso zuen San Blas azokan. Leioako Azokara eramandako behiekin ere hainbat sari irabazi du. Iturriagaetxebarriaren behi bat Euskal Herriko ezagunenetarikoa izatera heldu zen. Abadiñarrak munduko behirik handiena hazi zuen. 'Handi' izeneko behia ezaguna egin zen hedabideetan ia 1.500 kilo izateagatik.

Zelan bizi duzu San Blas eguna?
San Blas azoka egun handia izaten da baserritarrontzat. Azokara urte askoan eraman izan dut ganadua. 35 urtetik gora eman ditut azokan parte hartzen.

Azoka bera zelan aldatu da urte hauetan?
Lehen, ganadua eskasagoa zen, txikiagoa. Jendeak ez zuen ganadua atenditzen gaur egun egiten den moduan. Orain ganadua askoz hobea da, dena aldatu da. Hori bai, lehen askoz gehiago saltzen zen azokan. Gu hasi ginenean, orain baino gehiago saltzen zen. Bestalde, baserritarren sektorea ez dago ondo. Zaharrok aurrera goaz eta gazteak honetan hastea kosta egiten da.

Ezagutu duzu San Blas eguneko erromeriarik?
Egun batean lau erromeria ikusitakoa naiz. Baita hiru ere urte askoan. 19:00etarako, plaza bete-beterik egoten zen, jendeak goizaldera arte dantza egiten zuen.

Zu dantzazalea izanda, ekingo zenion...
Bai, baina gaztea nintzenean,14 urte inguru nituenerako, bajatuta zegoen.

Idi probek ere tradizioa dute Abadiñon. Gustuko dituzu?
Nire idiak Euskadiko eta estatuko txapeldunak izan dira. Neuk entrenatzen nituen. Afizio handia dut. Orain ez daukat sasoirik horretan ibiltzeko.

Zein desio duzu San Blas egunerako?
Eguraldi ona egin dezala, eta osasuntsu bagaude, ondo bagaude, hantxe izango gara. Etxeko ganadua goizean atenditu eta azokara joango naiz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!