San Blas eguna ezohikoa izango da aurten. Ez da kultur programaziorik, kale animaziorik eta txosnarik egongo.
Hala da, bai. Hala ere, jendea gogotsu dagoela uste dut, bai herritarrak bai ekoizleak. Azken urte bi hauek oso gogorrak izan dira azoketan saltzen duten ekoizleentzat, eta esango nuke badagoela feriak berreskuratzeko premia, kalera irteteko beharrizana. Arduratsu eta osasun neurriak betez ospatuko dugu San Blas eguna. Ea zelan doan eguna eta zelan doazen salmentak.
Abadiñarra izanik, zelan bizi duzu San Blas eguna?
Lan handiko eguna izaten da, gustura egiten dudan lana den arren. Azoka amaitzean, erakustokia jaso eta lagunekin sortzen den jai giroaz disfrutatzea gustatzen zait.
Ogia bakarrik salduko duzu?
Ogia ez ezik, galletak, barazki-pastelak, bizkotxoa eta San Blas opilak ere salduko ditut. Ekologikoaren zigilupean sartuta ditut ore amagaz egindako ogia, galletak eta bizkotxoa. Barazki-pastela egiteko ere osagai ekologikoak erabiltzen ditut, baina ez dut ekologikoaren zigilupean sartu oraindino, tarteka egiten ditut eta. Hala ere, barazki-pastela ere zigilu horregaz saldu gura nuke. Ekologikoa eta, gainera, tokiko produktuekin egina. Inguruan proiektu politak daude barazkiak modu ekologikoan ekoizteko, lan handia egiten dabiltza kalitatezko produktua lortzeko.
Zelako plaza da Abadiñokoa?
San Blas azokak ospe handia du. Nekazaritza azoketan dabiltzanek oso ondo saltzen dute Abadiñon. Esan behar dut ni ez naizela azoka askotan ibiltzen, eta jendea ez dago ohituta ferietan nire produktuak ikustera. Baina orain arte gustura ibili naiz eta aurten ere salmenta onak izatea espero dut. Hamar urtetik gora daramat San Blas egunez ogia saltzen. Egun polita izaten da, jai giro polita sortzen da.
Zein ogik du arrakastarik gehien?
Zekale ogia asko saltzen da azkenaldian. Gariagazko intolerantzia dutenek hartzen dute, zekaleak gluten baxutxoagoa du eta. Bestalde, espelta ogia ere oso ondo saldu da beti. Galletak ere ondo saltzen dira.
Geroago eta ogi gehiago dago merkatuan. Mokofinak gara ogi kontuetan?
Kontsumitzaileak geroago eta interes handiagoa du jaten duenaren inguruan, eta geroago eta informazio gehiago du. Asko ogia etxean egiten hasi dira. Neurri batean, modan ipini da eta kontsumitzaile askok kalitatezko ogia bilatzen dute. Badakite zer den ore amagaz egindako ogia. Informazio gehiago dute interes bat badagoelako.
Gaur egun edozein tokitan topatu genezake ogia. Ogiaren esentzia galdu dela esango zenuke?
Orain hasi gara kontzientzia apur bat hartzen. Orain gutxira arte ez genion geure buruari galdetzen zelako ogia gura genuen. Ore amagaz egindako ogia ez da gaurko kontua, gure aitita-amamek halantxik egiten zuten, baina nork izan du ore ama ahotan orain dela gutxira arte? Erosten eta jaten dugunari buruzko informazioa izan beharko genuke. Ganoraz elikatuko nauen ogia den ala ez jakin beharko nuke. Behin hori jakinda norberarena da aukera.
Geroago eta gehiagok egiten dute ogia etxean. Jakin beharreko sekreturik badago?
Pazientzia, horixe da sekreturik handiena. Ogia egiteko prozesuak eskatzen dituen denborak errespetatu behar dira, eta mimo apur bat ipintzea. Edozer gauza arineketan eginez gero, denborak kontuan hartu barik, eragin zuzena izango du kalitatean. Baina, bai, oso ogi goxoa egin daiteke etxean ere. Oso plan polita da umeekin ogia etxean egitea.
Zu oso ogizalea zara?
Lotsa apur bat ematen dit esatea, baina, esaera zaharrak dinen lez, errementariaren etxean zotza burruntzi (barrez). Gustatzen zait ogi zatitxoren bategaz bazkaltzea, baina ogirik ez badut ere lasai asko bazkaldu dezaket.