Gaur goizean eginiko aurkezpenean, berrikuntza bat egongo dela nabarmendu du Mikel Garaizabal alkateak. Hain zuzen ere, bi sari banatuko dira: fruta eta barazki postu onenari eta "ondoen apaindutako" postuari; 250 euro jasoko ditu irabazle bakoitzak. Guztira 88 ekoizle eta 150 abelburu batuko dira San Blas azokan. Nora Sarasola BBKko Gizarte Ekintzako zuzendariak ere azokaren garrantzia nabarmendu du. "Nekazaritza azokak ezinbestekoak dira lehen sektorerako, bai zuzeneko salmentarako bai produktuak eta jarduera ezagutzera emateko eta sustatzeko". Aurten 60 azoka egitea aurreikusten du Sarasolak. Ildo beretik egin du berba Javier Crespo alkateordeak. "Azokara datozen ekoizleen konpromisoa eskertu egin behar da; oso garrantzitsua da abadiñarrontzat".
Garaizabal alkateak, azokaren ospakizuna egungo osasun neurriekin lotu du. "Jende pilaketak sahiestu behar dira. Indarrean dagoen araudia zorrotz betetzen dela zaindu du udalak; azoka-esparu osoan musukoa nahitaez erabili beharko da, eta aforoak eta distantziak zaindu beharko dira".
Otsailaren 3tik 7ra bitartean idi probak ere egingo dira, probalekuan. 13 idi bikotek parte hartuko dute lehian, eta beste sei bikotek lehiaketatik kanpo.