Abadiñoko Udalak Sagasta auzotik Atxondoko Axpe auzora doan bidea konpontzeko lanak hasi ditu. Momentu honetan obraren lehenengo fasea ipini dute martxan. Hau da, lur-jausiek kaltetutako eremua egonkortzen ari dira, aldi baterako sarbide bat egokitu ahal izateko. Behin hori eginda, obraren bigarren faseari ekingo diote. Errepidea moztuko dute guztia berregokitzeko. Dena den, auzoa ez da inkomunikatuta geratuko, lehen esan bezala, auzotarrek behin-behineko sarbidea erabili ahalko baitute.
Lehendabiziko faseari dagokionez, udalak 11.000 euro inbertitu ditu. Bigarren fasea urtarrilaren bukaeran abiatzea aurreikusi dute eta 39.000 euro baino gehiago bideratuko dituzte horretara. Lan guztiak otsailaren erdialderako amaituta egotea gura dute. Orduan zabalduko dute betiko errepidea, berriturik.