San Blas eguneko azoka berreskuratuko dute Abadiñon

Anboto 2022ko urt. 17a, 11:01

Ospakizuna merkatura eta ganaduen zein produktuen salerosketara mugatuko dute. Ez da kultur programaziorik, kale animaziorik edo txosnarik egongo.

Abadiñoko Udalak ohar batean baieztatu duenez, San Blas eguneko azoka berreskuratuko dute otsailaren 3an. Hori bai. Ez da ohiko azoka izango. Baserriko produktuen salerosketa eta ganaduen erakusketa, bai, egingo dute; baina kultur programaziorik, kale animaziorik edo txosnarik, ez. Ez da egongo. 

Azokak lau gune bereizi izango ditu. Ohi bezala, gune nagusia trinketearen aldamenean egongo da. Bertan baserriko produktuen salerosketarako gunea atonduko dute. 80 ekoizle inguru batzea aurreikusi dute. Bigarrena artisautza azoka izango da. Ferialekuaren ondoko aparkalekuan ipiniko dute, 20 standekin. Hirugarrena ganadu eta abeltzaintza gunea izango da. Trinketearen atzealdean egongo da, ohi bezala. Eta, azkenik, baserri lanetarako makinen gunea ipiniko dute, Gaztañodi parkearen bueltan. Erroskila, kordel eta San Blas opilei dagokienez, udalak azaldu du postu horiek egon egongo direla, baina kopuru mugatu batekin.

Kultur eskaintzarik eta txosnarik ez

Udalak jakinarazi du "pilaketak saihesteko" ez dutela kultur programaziorik antolatuko eta ez dutela txosnarik baimenduko. Idi-probak, baina, bai. %60ko edukiera mugarekin antolatuko dute. Bertara sartzeko COVID ziurtagiria aurkeztu beharko da. “2021ean azoka bertan behera uztea erabaki zaila izan bazen, aurten ere zaila izan da berriro egitea erabakitzea", azaldu du Mikel Garaizabal alkateak. "Baina gure lehen sektorea babestu behar dugula uste dugu, gune izugarri gogor eta zailean. Horregatik, indarrean dauden osasun-neurriak zorrotz bete ditzatela eskatzen diegu herritarrei, abadiñarrentzat hain berezia den ekitaldi hau normaltasunez gauzatu ahal izan dezagun, segurtasuna milimetro bat ere deskuidatu barik”, gaineratu du. Azkenik, musukoa erabiltzera eta segurtasun distantziak mantentzera deitu du udalak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!