“Irakasteko orduan gogorra izan naiz beti, baina inoiz ez zait lanik falta izan”

Aitziber Basauri 2022ko urt. 16a, 10:30

Manolo De los Riscos Antequeran  (Malaga, 1953) jaio zen arren, bere familia osoa Izurtzara etorri zen berak urte bi zituela. Autoeskolako irakasle modura lan egin du lau hamarkadatik gora. Durangon lehenengo, eta Abadiñon gero. Traña-Matiena auzoan, autoeskola zabaldu zuen orain 21 urte. De los Riscosek bere Iloba izan du azken ikaslea.

Traña-Matienan gutxi dira gidatzeko baimena zugaz atera ez dutenak.
Egin ditudan kalkuluen arabera, 4.000-5.000 ikasle izango nituen urte hauetan guztietan.

Makina bat kilometro egindakoa zara.
Milioika! Garai batean, 50.000-60.000 kilometro egiten genituen urtean, batez beste. 45 urtean, atera kontuak! Kotxea aldatzen genuen hiru urte pasatu eta gero. Dena dela, azken urteotan askoz ere kilometro gutxiago egin ditut.

Asko aldatu da autoeskolen jarduna?
Bai, asko. Lehen, oso esker onekoak ziren ikasleak. Gidatzen ikastera zetorren jendea. Gaur egun, azterketa egitera joan gura dute zuzenean; azterketa gainditzera datoz. Arduragabekeria handiagoa dago. Adibidez, talde bategaz Bilbora praktikak egitera joan behar genuenean, beti eskaini diet aukera etortzeko, ikusi eta ikasi zezaten. Bada, gertatu zait atzean jarri eta lo geratzea; lau bat bider gertatu zait.

Izan duzu ikasle ilustrerik?
Bai! Igor Urien auto gidaria, Ander Iturraspe eta Ustaritz Aldekoa-Otalora futbolariak, eta Andoni Cedrun ere bai, adibidez. Dena dela, Abadiñon askori erakutsi diet gidatzen. Badut gogoan beste mutil bat ere, gidatzeko baimena lortzeko ahalegin itzela egin behar izan zuena; eta autoan 100 ordutik gora egin behar izan zituen ikasle bat ere bai. Irakasteko orduan gogorra izan naiz beti, baina inoiz ez zait lanik falta izan.  Zerbait ondo egingo nuen!

Pasarte asko gordeko dituzu.
Liburu bat idazteko beste! (barrez)Maitasun handiagaz gogoratzen dut ikasle bat. Berak ia ez zekien gaztelaniaz, eta nik are gutxiago euskaraz. Bada, behin autoan gindoazela berriro jaio ginen: bost lagun gindoazen kotxean, autobidean, eta, Basaurira sartzeko, bolante-kolpea eman zuen eta esku-frenoari eman behar izan nion. Autoak 360 graduko buelta eman zuen. Atzetik furgoneta bat zetorren arren, ez zen ezer ere gertatu eta Durangora bueltatu ginen. Biharamunean, inork ere ez zuen Bilbora joan gura. Asko kostatu zitzaion gidatzeko baimena lortzea, baina lortu zuen. Bohemiazko kristalezko kanpaitxo bat oparitu zidan. Bestalde, gidatzeko baimena egun berean atera zuten Abadiñoko senar-emazteak ere gogoan ditut; emaztea eta biok afaltzera gonbidatu gintuzten.

Orokorrean, zelan gidatzen dugu?
Zirkulazio arauekiko errespetu handiagoa falta da. Autoeskolan arau horiek ikasten ditugu, baina segituan ahazten zaizkigu. Bost zentzumenekin gidatu behar da. Errepidean arduragabe asko dabil.

Zer izaten da gatxena ikasteko?
Pertsona bakoitza mundu bat da. Baina futbolari izan direnei esan izan diet zelan den posible kotxeagaz hain baldarrak izatea, eta gero baloia hain ondo kontrolatzea baita korrika egitean ere. (barrez)

Orain zer egingo duzu?
Zeozer bai, hori seguru! Ez dakit geldirik egoten eta. Custom moto bat erosi dut eta haregaz ibiliko naz. Pasio dut motoan ibiltzea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!