Abadiñoko Udalak lehiaketa publikora atera du pumptrack pistaren obra. Obra egiteko interesa duten enpresek otsailaren 1era arteko epea izango dute eskabideak aurkezteko. Behin lizitazioa eginda, enpresa onuradunak sei asteko epea izango du obra egiteko. Udalak adierazi duenez, urteko lehen hiruhilekoan hasi gura dituzte lanak.
Azpiegitura berria Muntsaratzen egingo dute, Ibaizabal errekaren bazter batean, hango askaldegien aldameneko belardian. Pistak kirolari bakoitzaren gaitasunen araberako trazadura bi izango ditu. Ume hasi berrientzako gunea egongo da batetik, eta maila aurreratuagoa dutenentzako trazadura, bestetik. Abadiñoko Udalak 82.333 euro bideratuko ditu egitasmora.