Nor da Poli?
Poli robot bat da, mutiko baten konpainia robota. Poligaz duen hartu-emana oso garrantzitsua da berarentzat, lagun bategaz izan dezakeena. Horregaitik, ez du ulertzen zergaitik nagusiek ez duten tratatzen bere lagun batek beharko lukeen estimuagaz. Mutikoak, etxeko lan baterako, etorkizuneko bizimodua zelakoa den azaldu behar die gaur egungo umeei; etorkizuneko etxebizitzak, ikasketak, baratzeak, aisialdia eta bere familia zelakoak diren erakutsi behar dizkie umeei. Hain urrunekoa ez den etorkizuna erakutsiko die.
Zelakoa da etorkizun hori?
Etorkizun digitala. Baina betiko elementuak ere badaude, betiko etxeak, adibidez, elementu berriekin, baratze-dorreak, besteak beste, paisaia konpartitzen dutenak. Aitagaz horrelako baratze-dorre batera joaten da. Amagaz, betaurreko birtualen laguntzaz bidaia birtualak eta jolasak egiten ditu, era digitalaren erakusgarri direnak; oraingoan, hegazkin batetik salto egiten dute paraxutekin.
Ez hain urruneko etorkizuna dela diozu.
Gaurko eta geroko elementuak konbinatuta daude, hori baita logikoena etorkizun gertuko batean. Ez da hain urrutikoa istorioan ikusten dena, ageri diren elementu batzuk gaur egun jadanik existitu egiten dira; adibidez, betaurreko birtualak. Oraindino hain ohikoak ez badira ere. Azaldu gura dut, bestalde, irudi errealistak aukeratu ditugula libururako, etorkizuna bera delako fikzioa eta horrek ere gertuago jartzen du etorkizun hori.
Fredrika Ulfströmegaz lan egin duzu. Zelan, ba?
Fredrika Ulfström ilustratzailea suediarra da, baina hemen bizi da orain urte asko. Askotariko lanak egin izan ditu, baina berarentzat ere lehenengo aldia izan da euskarazko album ilustratu bat kaleratzen. Jauzarrea proiektua zuzentzen duen Xabier Oterok jarri ninduen hartu-emanetan beragaz, eta oso eskertuta nago. Fredrikarentzat erronka izan da etorkizun horren irudiak sortzea. Adibidez, gaur egungo etxeen artean, sabairik ez duten etxeak txertatzea. Umeen eta familiakoen aurpegiak-eta oso erraz asmatu ditu.
Sortzeko prozesua bera berezia izan da, beraz.
Bai. Ingelesez moldatu behar izaten dugu gure artean. Aspaldian erabili bako hizkuntza berreskuratu dut Fredrikagaz. Ondo konpondu gara, nik buruan nituen ideiak polito eraman ditu irudietara.
Arazo gehiago izan dugu batzeko, asti faltagaitik eta bestelako kontuengaitik. Andrazko sortzaileok denbora gutxiago izaten dugu horrelako lanetarako, bestelako lan ugari egin behar izaten dugu eta. Aldatzen ari den joera dela diote, gizonezkoak familia kontuetan askoz gehiago inplikatzen direla. Ia etxe guztietara heltzen den beharrezko berdintasuna!
Denonartean argitaletxeagaz publikatu duzu 'Poli nire robota da'. Zelan?
Hasieratik erakutsi zuten interesa, eta ni oso pozik nago eurekin. Ez da ohiko argitaletxea, bestelako irizpideak dituzte publikatzerakoan. Proiektu bat berezia dela iruditzen bazaie, edo balio artistiko handia duela, publikatu egiten dute. Asumitu egiten duten kostua da. Ez diete hainbesteko garrantzia ematen autorearen izenari edo merkatuaren irizpideei.
Zure lehenengo ilustrazio liburua izan da.
Pendrive oso gustura egin nuen, eta hau ere bai. Helduentzako zein haurrentzako idaztea gustuko dut. Generoen artean jauzi egitea ere gustuko dut. Gainera, istorio honek harrera ona izango balu, jarraipena egitea gustatuko litzaiguke, album gehiago egitea beste istorio batzuekin, tartean Poli dagoela.