Leire Etxanizek, Eider Zubizarretak eta Maddi Barrokalek jantzi zituzten Master Cup txapelketako txapelak

Anboto 2021ko abe. 7a, 09:14

Joan zen astean hildako Panpi Ladutxe gogoratu eta omendu zuten Traña-Matienako finaletan.

Larunbatean Abadiñon, pilotalekua goraino beteta zegoela Master Cup LABORAL KUTXA txapelketako lehenengo finalak jokatu ziren. Pilota goxoko hastapen mailako txapela Eider Zubizarreta zarauztarrak jantzi zuen finalean Lide Lopez ataundarrari 18-4 gailenduta.

Pilota goxoko nagusien mailan Leire Etxaniz etxebarriarrak maila honetan aurkaririk ez duela berretsi zuen eta beste txapel bat jantzi zuen Iparraldeko Ania Oronozi 18-5 irabazita. Lapurtarra Panpi Ladutxe zendu berriaren ikaslea izan da azkenaldian eta azkaindarra oso presente izan zen Traña-Matienako pilotazaleen artean. Aniak berak 'Betikotz gure Artean' zioen elastikoa jantzi zuen eta antolakuntzak ere omenaldi txiki bat eskaini zion azken aldian bidaide izan duen Panpiri.

Emozio pixka bat gehiago izan zen jaialdiak faltan izan zuen bakarra, promesen mailako pilota mistoko finala ere 18-6ko emaitzarekin eraman baitzuen Maddi Barrokal bergararrak. Hori bai azken markagailuak iradoki dezakeena baino lehia estu eta piloteatuagoa izan zen, baina azkenerako tanto gehienak Barrokalen aldera erori ziren.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!