"Apurka-apurka joan behar dugu"

Anboto 2021ko aza. 27a, 10:00

Aitor Garcia (Abadiño, 1996) partidu borobila jokatzearen eta taldearen garaipenean funtsezko jokalaria izatearen sentsazioagaz joan zen etxera joan zen asteburuan. Abadiñok 3-2 menderatu zuen Loiu Astolan, eta Garciak hiru goletan parte hartu zuen.

Taldeko bigarren gola zeurea izan zen. Gol polita, gainera.
Polita izan zen, bai. Markel Aperribaik defentsaren gainetik pasatu zidan baloia eta nik boleaz errematatu nuen.

Lehenengo goleko pasea zeurea izan zen eta hirugarrena zure jaurtiketa baten ostean jasoriko aldaratze baten ondorio. Etxera gustura joateko moduko ekarpena.
Bai, gustura nago eta, gainera, partidua irabazteko balio izan zuen. Garaipen garrantzitsua izan zen, aurrean dugun hilea nahikoa gogorra da eta. Hile batean zortzi partidu ditugu eta aurkari  zailen kontra.

Azkenera arte Ohorezko Mailara igotzeko borrokan ibiltzeko moduan ikusten duzu taldea?
Oraindino goiz da esateko. Goian gaude, bai, baina ezin da baieztapen segururik egin. Apurka-apurka joan behar dugu. Beharbada aurretik dugun hile gogor honen ostean hobeto ikusiko da benetan taldea zertarako kapaz den.

Iaz Ohorezko Mailan ibili zineten, Bizkaiko ligarik nagusienean. Gozatzeko urtea zen, baina COVIDak dena aldrebestu zuen.
Benetan be! Denboraldi erdi baino ez zen jokatu, gainera. Pena da, taldeko jokalari gehienontzat Ohorezko Mailan jokatzen genuen lehenengo aldia zelako. Esperientzia falta izan zitzaigun.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!