Defentsako lanean oinarrituta eta bost gol bakarrik jasota, Abadiño futbol kluba igoera postuan dago Maila Gorenean

Joseba Derteano 2021ko aza. 27a, 10:00

Bizkaiko Maila Gorenean hamar jardunaldi joan dira eta Abadiño futbol kluba igoera postuetan dago, bigarren tokian. Ligako lehenengo laurdena esperantza izateko modukoa da, baina oraindino bide luzea geratzen da aurretik. Inoiz baino talde gehiago —20, guztira— eta jardunaldi gehiago dago aurten, COVIDak eraginda ligak berregituratu egin dituztelako. Partiduak Gabonetan ere jokatuko dira,  errege-egunean, Durangoko Azokako zubian… "Atseden gutxi izango dugu eta denboraldia oso gogorra izango da", onartu du Gorka Moreno entrenatzaileak. "Baina azkenengo hamar jardunaldietara hor goian heltzen bagara, igoera izango dugu helburu", aurreratu du.

Morenok bost denboraldi daramatza Abadiñoko aulkian. Tarte horretan igoera bi lortu ditu, azkena orain denboraldi bi, Ohorezko Mailara. Iurretakok eta Elorriok jokatzen duten Bizkaiko ligarik indartsuenean denboraldi bat eman eta jaitsi egin ziren iaz.

Maila galdu arren, iaztik hona taldea ez da askorik aldatu. Erregional mailako taldetik hiru jokalari igo dituzte: Imanol Estepa eta Kerman Zurituriza defentsak eta Peio Carro atezaina. Fitxaketak, ostera, bi bakarrik, biak Durangoko Kulturaletik: Xabi Astondoa ezker-hegalekoa eta Asier Agirre aurrelaria.  Orokorrean, jokalari guztiak "asko jokatzen" ari direla azaldu du Morenok, eta gustura dagoela euren ekarpenagaz. Horrez gainera, harrobiko lana azpimarratu du. "Harrobian talde asko daude eta gauza asko ondo egiten dituzte. Lehenengo taldera trebatuta heltzen dira eta oso ondo lehiatzen dute. Emaitzek lan hori islatzen dute", esan du.

Hiru gol jasota 10 partidutan
Abadiñoren emaitzarik onenak defentsako lanean oinarritzen dira. Hamar partidutan bost gol bakarrik jaso dituzte. Ez dago maila osoan Ander Cortazarrek baino gol gutxiago jaso duen atezainik. Taldearen sendotasuna erakusten duen beste datu bat: hamar jardunalditan oraindino ez dute partidurik galdu: zazpi garaipen eta hiru berdinketa.

Zaldua, sufritzen
Durangaldeko beste talde bat ere badabil Maila Gorenean: Zaldua. Zaldibarko futbol kluba jaitsiera postuetan dago, baina gainerakoek baino partidu bat gutxiago jokatu du, joan zen asteburukoa, Lekeitioren kontrakoa, bertan behera geratu zelako. Mailari eustea garesti dago aurten. Aurreko urteetan baino talde gehiago jaitsiko dira aurten, sei guztira, baina gehiago ere izan daitezke, goragoko mailetan gertatzen denaren arabera.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!