[ARGAZKIAK] Inhar Ugartek irabazi du buruz buruzko txapela Kepa Arroitajauregiren oroimenezko txapelketan

Anboto 2021ko aza. 4a, 12:40

Beste final bietan Andreasen-Martin eta Iturriño-Halsouet bikoteak geratu ziren txapeldun.

Joan zen asteburuan jokatu ziren finalak Tornosolo trinketean. Buruz buruz Inhar Ugartek 40-28 irabazi zion Asier Aspuru abadiñarrari. Erritmo biziko partidua jokatu zuten hasieran eta tantuak batera zein bestera joan ziren. (5-5, 12-12, 23-18). Aspuruk ez zuen partidak sortarazten zion emozioa kudeatzen jakin eta ez zuen asmatu Ugarte deseroso jartzen. Ugarte, berriz, bere saltsan gozatuz aritu zen eta azkenean zailtasun handirik gabe irabazi zuen finala.

Emakumeen paleta gomako finala erosoa izan zen iparraldeko bikotearentzat. Amaia Larralderen ordezko bezala aritu zen Aixkoa Iturriñok, Ibañez eta Ardanazek baino abiadura handiagoa jarriz partiduari, ez zuen arazo handiegirik izan Halsoueten laguntzarekin memorialeko txapeldun geratzeko.(23-12, 30- 14).

Azkenik, egun Gasteizen bizi den Andreasen argentinarrak eta Nagore Martinek osatutako bikote mistoak eta Suzanne-Bidegain bikote frantziar mundialistak emozioz betetako finala eskaini zuten. Martinek ezin hobeto eutsi zion partiduari, bere bikoteak aukera zuen bakoitzean diferentzia marka zezan. Kiroltasunez jokatutako partiduan, tantu ikaragarriak zein abiadura handikoak ikusteko aukera eman zen, azken tanturarte emozioa jarriz (27- 27). Partiduari argentinarraren tantu dotore batek eman zion amaiera, txapelketa mistoko txapela eskuratuz: 30-29.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!