Oihana Azkorbebeitia hirugarren mendiko lasterketen Munduko Kopako sailkapen nagusian

Anboto 2021ko urr. 31a, 10:29

Georgia Tindley, Mayi Mujika eta Oihana Azkorbebeitia.

Otxandioko Aitor Ajuriak ere parte hartu du Munduko Kopan, eta bikain aritu da, batez ere azken proba bietan.

Kito. Amaitu da mendiko lasterketen aurtengo Munduko Kopa. Lehiaketak Japonian ekin zion bere ibilbideari, apirilean, eta Italian eman dio amaiera, atzo, urriak 30. Guztira, 14 proba puntuagarri jokatu dira, ezaugarri, luzera eta zailtasun desberdinetakoak. Sailkapen nagusiari begira, korrikalari bakoitzaren lau emaitzarik onenak kontuan hartu dira, eta, horren arabera, Oihana Azkorbebeitia korrikalari abadiñarrak hirugarren sailkatzea lortu du azkenean.

Azkorbebeitiak bikain ekin zion txapelketari, Austriako Kaiserkrone Skyrace proban bigarren sailkatuta; Hochkönig Skyracen, hau ere Austrian, hirugarren egin zuen; bigarren Grigne Skymarathonen, Italian; eta laugarren Gorbeia Suzienen. Horietxek bere lau emaitzarik onenak. Denen artean, 290 puntu batu ditu. “Luzaroan bigarren joan naiz sailkapen nagusian, baina horrek ez zuen ezer esan gura, behin-behineko sailkapena zen eta. Korrikalari bakoitzak lau proba egin arte itxaron behar izan da behin betiko sailkapena jakiteko. Zenbait korrikalarik azken proba zuten laugarrena, Limone Skyrace lasterketa, eta oso-osoan nengoen korrikalari bik aurreratuko nindutela: Kröll austriarrak eta Tindley taldekide britainiarrak. Baina, gertatuak gertatu, berdin-berdin poztuko nintzen bigarren, hirugarren zein laugarren sailkatuta, txapelketa osoan neure onena eman dut eta. Baina, tira, beti da pozgarriagoa podiuma zapaltzea”, adierazi du Azkorbebeitiak.

Kröllek bai, aurreratu zuen, azken proban laugarren sailkatuta, baina ez Tindleyk. “Georgia Tindley oso indartsu ikusi dut azken probetan, baina aste honetan erdi gaixorik egon dela esan dit, eta azken proban hogeigarren baino ezin izan du egin”, argitu du korrikalari abadiñarrak.

Hauetxek dira sailkapen nagusiko lehenengo bost neskak: Denisa Dragomir (400 puntu), Stephanie Kröll (314 puntu), Oihana Azkorbebeitia (290 puntu), Georgia Tindley (274 puntu), eta Mayi Mujika (256 puntu).

Mutiletan, euskal ordezkari bi sailkatu dira lehenengo hamarren artean, biak euskal selekziokoak: Ander Iñarra lezoarra bosgarren (206 puntu) eta Asier Larruzea gueñestarra bederatzigarren (186 puntu).

Otxandioko Aitor Ajuriak ere partu hartu du Munduko Kopan, eta bikain aritu da, batez ere azken proba bietan.

Aitor Ajuria (bigarrena ezkerretik) euskal selekzioko gainerako kideekin

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!