“Nekatuta egon arren, bezeroek bizitzeko gogoa eta motibazioa eman dizkidate beti”

Aitziber Basauri 2021ko aza. 1a, 10:20

Bizkarra jatetxea emakumeek gidaturiko jatetxea izan da beti. Eli Bizkarralegorra (Urkiola, 1955) emakumeen belaunaldi horretako hirugarrena da eta urtea amaitzen denean erretiroa hartuko du. Urkiolako paisaian uztarturiko eraikina Eliren aitita zena hasi zen eraikitzen, 1924an. Jatetxea ez ezik ostatua ere izan da, eta gerra garaian ospitalea ere bai.

Heldu da Bizkarra jatetxeko sukaldea uzteko ordua. Gatxa izan da erabakia hartzea?
Oso gatxa. Asko kostatu zait, baina etapa berri bat hasi behar dut. Pena handiagaz uzten dut, hau guzti hau ikaragarri gustatzen zait eta. Pasioz bizi izan dut neure lana.

Zenbat urte eman dituzu Bizkarra jatetxeko sukaldea gobernatzen?
28 urte izango dira jatetxearen ardura osoa  hartu nuela. Gogorra izan zen, baina beti izan dut senarraren eta familiaren laguntza erabakiak hartu eta aurrera egiteko. Hala ere, zortzi urtegaz hasi nintzen jatetxean lanean, zerbitzari. Sukaldean lanean 15 urtegaz hasi nintzen, amari laguntzen. Aitita gaixotu egin zen eta eskola utzi behar izan nuen. Markinan nengoen orduan, barneko ikasle. Oinarrizko ikasketak Amaiterminen amaitu nituen. Baina esan beharra daukat 12 urtegaz aldiro jarduten nuela jatetxean kozinatzen. Sukaldean, ganaduagaz, ardiekin... gustura ibili naiz beti. Gazta egiten eta neguan ardiei erditzen laguntzen ere bai.

Amak erakutsi zizun sukaldean?
Bai, eta ondo gogoan dut ezkontza bati nik neuk bakarrik aurre egin behar izan nionekoa, 23 urtegaz. Gurasoak Ferrolen (Galizia) zeuden, Julen nebagaz. Soldadutza egiten zegoen han, eta gurasoak ezin izan ziren sasoiz heldu ezkontzara. Inoiz kroketa bat egin bakoa nintzen eta apurka hasi nintzen, esnea litrorik litro botatzen. Denak ondo irten zuen.

Negu gogorrak biziko zenituzten…
Urkiolan bizitzea oso polita da, asko maite dut. Eta edur asko egin duenean moldatu izan gara. Gertatu zaigu hilabete edo bi geldirik egotea. Baina beti dago zereginen bat, udan egin ezin izan ditugun lanak tartean. Orain errazagoa da iragarpena ikustea, baita mugikorretan ere.

Bizkarra jatetxea lanbide bat baino gehiago izan da.
Bai. Poza, ilusioa… eman dizkit. Lana baino gehiago, nire bizitza da.

Zelan hartu dute bezeroek albistea?
Ez dute sinistu gura. Ateak ixteak pena ematen du, halako etxe handia ixteak. Baina berriro ere zabaltzeko aukerarik sortzen bada, prest nago laguntzeko. Beti zainduko dugu Bizkarra, ateak itxita ere bai. Hemen egongo gara, hemen bizi gara eta. 

Zeren falta igarriko duzu gehien?
Bezeroekin sorturiko hartu-emanarena eta elkarbizitzarena. Eman didaten maitasunarena. Eta kazola artean ibiltzearen falta, jakina. Oso bezero onak izan ditut, esker onekoak, eta horrek bete egiten du. Nekatuta egon arren, bizitzeko gogoa eta motibazioa eman dizkidate beti. Harro-harro nago eta asko daukat eurei eskertzeko. Maitasun gehiagogaz kozinatzen, eta eraberritzen lagundu izana eskertu gura diet.

Kostatuko zaizu ohiturak aldatzea?
Bai, badut beldur apur bat. Igeri egiten ikasi gura dut, eta bizikletan ibiltzen. Maiteminduta naukaten hiru ilobekin uretan eta bizikletan ibili gura dut. Eurekin denbora-pasa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!