Mendiko lasterketen denboraldia azken txanpan sartu da eta gaur Sky World Serieseko Munduko Kopako azken-aurreko proba jokatu da Frantziako Alpeetan, Saint Honoré herrian: Skyrace des Matheysins.
Ohiko lasterketa da Munduko Kopan, gauzak ondo egiten dituzten seinale. Antolatzaileek azken urteotako ibilbidea prestatu dute, 25 kilometrokoa eta 2.000 metroko desnibel positibokoa. Korrikalariek 09:00etan ekin diote probari, egundoko hotzagaz, gradu bi zero azpitik. Baina berotu ederra hartu dute lasterrera, hasiera korrika asko egitekoa zenez lehenengoek bizi-bizi irten dute eta.
Lasterketan, Durangaldeko korrikalari bik parte hartu dute, Aitor Ajuria otxandiarrak eta Oihana Azkorbebeitia abadiñarrak. Ajuria hamabigarren sailkatu da mutiletan, eta Azkorbebeitia zazpigarren nesketan. Horrez gainera, korrikalari abadiñarra lehenengoa izan da emakume beteranoen artean. Munduko Kopako sailkapen nagusian bigarren jarraitzen du, 290 puntugaz.
Frederik Tranchand frantziarrak irabazi du proba mutiletan, eta Johanna Armstrong suediarrak nesketan, biek eroso.
Munduko Kopak Italian izango du azken hitzordua: Limone Skyrace Extreme. Datorren zapatuan izango da, urriak 30.
Nahiz eta Munduko Kopa lehiatzen egon ez, Ajuria bertan izango da, euskal selekzioagaz. Azkorbebeitiak, ostera, gaurko lasterketagaz eman dio amaiera aurtengo Munduko Kopari.