Hasi dira Muntsaratz eta Zelaieta arteko hiribidea eraberritzeko lanak

Anboto 2021ko urr. 19a, 13:04

Obrak bi fase izango ditu. Lehenak, Zelaietatik Garbi fundiziora arteko tartea hartuko du. Bigarrenak, puntu horretatik Atxondorainokoa. Abadiñoko Udalak zeharbide "seguruagoa" eta "atseginagoa" lortzea gura du.

Abadiñoko Udalak jakinarazi du martxan daudela Zelaieta eta Muntsaratz arteko hiribidea berritzeko lanak. Lanokin, hirigune "atseginagoa" lortu gura dute, "zarata eta kutsadura gutxiagorekin", oinezkoen joan-etorrietarako "zerbitzu ona" eskainita. Besteak beste, jarraikortasuna emango diete espaloirik bako tarteei; oinezkoen pasabide berriak ipiniko dituzte eta oztopo arkitektonikoak kenduko dituzte.

Udalak jakinarazi duenez, 2 kilometro pasatxoko tartea eraberrituko dute, bi fasetan. Batetik zati nagusia dago, Zelaietatik Garbi fundizioaren parera arte doana. Bertan, eraberritze lanak egingo dituzte oinezkoen zirkulazioari eta espaloiei "lehentasuna" emateko. Bestetik, puntu horretatik Atxondora arteko zatia dago. Bertan aglomeratua eta seinalektiba hobetuko dituzte, oinezkoen trafikoari lotutako jarduera barik.

Lanek 1.774.598 euroko inbertsioa izango dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!