Lehenengo aldia duzue Loratzen Eguna antolatzen.
Loratzen proiektua osasun mentalaren gaia ezagutarazteko helburuagaz ipini nuen martxan, tabua apur bat gainetik kentzeko. Orain urte bi inguru, antsietatea diagnostikatu zidaten; baina sintomatologia orain hiru bat urte hasi zen. Ez nik ez ingurukoek ez genekien zelan jokatu, eta denboragaz joan gara ikusten zer eta zelan egin. Mila terapia daude, eta niri, adibidez, ondo egin dit honi buruz berba egiteak. Jende asko dago nire moduan, eta honek eurei ere balio badie, hobeto.
Loratzen, une honetan, Instagrameko kontu bat da eta hainbat gauza ipintzen dugu bertan: informazioa, jokoak, batez ere osasun mentalari buruzkoak. Horrez gainera, testigantzak ere badaude.
Zein puntutaraino da garrantzitsua gaiari buruz berba egitea?
Nire testigantza publiko egin nuenean, jende askok idatzi zidan identifikatuta sentitu zela esateko. Antsietatearen mundua oso konplexua da, bakoitzak bere modura bizi duen gaixotsauna da. Jende asko dago egoera honetan, batez ere, gazte asko. Niri oso ondo etorri zait nire bizipenak kontatzea.
Ingurukoen jarreraren garrantzia nabarmendu duzu.
Domekan egongo den testigantzetariko bat nire aitarena izango da. Antsietate nahasmendua duen pertsona bategaz bizitzea zer den kontatuko du. Hasieran ez ninduen ulertzen, eta hori oso gogorra da. Alde horretatik, beti azpimarratzen dut komunikazioaren garrantzia. Zer gertatzen zaizun komunikatzen ez baduzu, inork ere ezingo dizu lagundu. Eta, azken finean, ingurukoek lagundu gura izaten dute. Eta zelan lagundu badakite, errazago egingo dute hori.
Beste testigantza batzuk ere egongo dira: Bergarako mutil batek suizidioari buruz berba egingo du, are tabuagoa den gai bat. Psikologo baten testigantza ere edukiko dugu, norbanako modura, eta baita profesional lez ere zelan bizi duen.
Egun osoko egitaraua prestatu duzue. Hori guztia egiteko, laguntza jaso duzue?
Goizean, umeentzako tailerrak egingo ditugu, jolasen bitartez emozioak lantzeko. Arratsaldekoak helduentzako ekimenak izango dira. Oso pozik gaude, hile gutxiko ibilbidean herriaren eta jendearen aldetik oso erantzun ona jaso dugu eta. Beharrizan bat dagoela ikusi dugu. Eta egun osoko egitarau bat prestatzea ezinezkoa litzateke hurbileko jendearen laguntzarik barik.