“Mendiak eta naturak inspiratzen naute argazkiak ateratzeko”

Aitziber Basauri 2021ko urr. 10a, 10:30

Asier Arteaga abadiñarrak ANBOTOk antolatu duen udako argazki lehiaketako epaimahaiaren saria irabazi du Durangaldetik kanpoko kategorian, Alpeetan ateratako argazki bategaz. Objektiboaren aurrean baino erosoago sentitzen da haren atzean.

Lehenengo eta behin, zorionak.
Eskerrik asko. Ez nuen espero! Urte batzuk daramatzat argazkiak ateratzen, eta pozik hartu dut saria!

Zein istorio gordetzen du 'Zerura jaitsiera' argazkiak?
Udan hiru aste egin ditugu Alpeetan, eta Mont Blanc igo genuen bezperako argazkia da. Aguile du Midin behera gindoazela atera nuen eta glaziarrera jaisteko ertza ageri da. Lainoa eta argi hura ikusita, argazkia atera nuen. Momentu hartan han egoteko zortea izan nuen.

Zerk inspiratzen zaitu?
Mendiak eta mendiagaz lotuta egindako kirolak. Ez dakit hiri batean argazkiak ateratzen edo erretratuak egiten. Horri ekitea litzateke kontua, ikasten joateko. Baina mendiak erakartzen nau. Orokorrean, mendiak eta naturak inspiratzen naute argazkiak ateratzeko.

Erakusketa bat ipiniko duzu Durangoko Ekana zentroan, lehenengoz. Zer erakutsiko duzu?
Azaroan izango da erakusketa. Inguruko mendiak, mendiagaz loturiko kirolak, eta Pirinioetako eta Alpeetako abenturak erakutsiko ditut. Pozik nago, baina urduri ere bai. Oso kritikoa naiz nire argazkiekin, eta ez dakit jendeak zelan hartuko dituen. Horrek urduritu egiten nau.

Noiz eta zelan sortu zen zure hartu-emana argazkigintzagaz?
Argazki-kamera 2019an erosi nuen, baina aurretik goproak erabili ditut, eskiatu dudanean edo bestelako kiroletan. Bideoak ez nituen editatzen. Horrek lana eskatzen du eta bideo horietatik argazkiak ateratzen nituen. Bada, zuzenean argazkiak ateratzeko kamera bat hartzea erabaki nuen; aukera gehiago ematen ditu, gainera. Eta harrapatu egin ninduen. Ekipo horretan inbertitzen joan naiz. Horrek laguntzen du, baina urte bian argazki asko ateratzen dira. Hasierako argazkietatik gaur egungoetara alde handia igartzen dut.

Zer da zuretzat argazkigintza?
Afizioa, dirurik ez dut lortu inoiz.

Gura zenuke afizioa ofizio bihurtzea?
Bai. Ez dakit argazkilaritzatik bizi daitekeen; zalantza dut paisaia-argazkientzat merkaturik ba ote den. Baina argazkigintza diru iturri izatea gustatuko litzaidake.

Argazkigintzak zer ekarpen egiten dizu?
Mendian bizi ditugun momentu horiek gordetzeko aukera. Egia da bideoa erabiltzen dela gehiago, baina askotan gehiago transmititu diezadake argazki batek.

Momentu oro argazkiak ateratzen zabiltzan horietarikoa zara?
Ez. Beti daramat eskuetan argazki-kamera, baina baliteke oso argazki gutxi ateratzea, edo batere ez.

Zer behar du argazki on batek?
Momentuaren arabera. Ez da berdina eskalatzen dabilenari argazkia ateratzea edo goizaldeko zein iluntzeko argi horiek harrapatu gura izatea: argia, kolorea, kirolariaren mugimendu hori...

Zein momentu duzu gustukoen?
Denak. Ohetik goiz altxatzen fina ez naizen arren, egunsentiko eta iluntzeko koloreak gustatzen zaizkit gehien.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!