[ARGAZKI GALERIA]: Igor Urien abadiñarra hirugarren Urbasako Igoeran

Maialen Zuazubiskar 2021ko urr. 4a, 14:03

Zapatuan jokatu zen Urbasako Igoeran Igor Urien abadiñarrak hirugarren postua lortu zuen. Abadiñarra Gerard de la Casa eta Joseba Beolaren atzetik sailkatu  zen.

"Pozik nago emaitzagaz. Entrenamenduan kotxea oso ondo zihoala ikusi nuen eta lehenengo txanda ofizialean erritmoa dezente igo nuen. Igoera erdian saltotxo bat zegoen errepidean, oso bizkor nindoan eta kotxeak ezin izan zuen pasatu eta eskapadatxo bat izan nuen. Hala ere, bigarren denbora onena egin nuen. Bigarren txandan, berriz, ikusita igoera oso apurtuta zegoela, ez nuen arriskatu gura izan eta lasaitxoago hartu nuen", aitortu du Igor Urienek.

Jendetza batu zen zapatuko igoeran eta igoerako azken zatia "izugarria" zela nabarmendu du pilotu abadiñarrak. "Igoera osoan zehar jende pila bat zegoen, eta azken bi kurbak lepo zeuden. Pasilloa egiten ziguten", azpimarratu du Urienek.

Abadiñarrak Ginetta G50 autoagaz parte hartu zuen Urbasako Igoeran, zirkuituetatik datorren autoagaz. "Gure kotxea zirkuituetatik dator eta igoeretarako moldatu egin behar izan dugu. Aurtengo urtean moldaketa horiek egiten gabiltza, eta ikusi dugu kotxea oso ondo doala", jarraitu du.

Urienek Ginetta G50 autoa igoeretarako moldatzea zuen helburu, eta hori lortu dutela ikusi du. "Azken lasterketetan kotxea igoeretarako potentziagaz dagoela ikusi dugu. Hasierako lasterketetan ez bezala, kotxeagaz disfrutatzera heldu naiz. Lehenengo lasterketetan ez nuen batere disfrutatzen, oso arriskutsu zegoen". Hala ere, pilotu abadiñarrak aitortu du Ginetta G50 autoaren eremua igoerak ez direla. "Kotxea igoeretarako prestatzea gura nuen, bai edo bai. Agian burugogorkeriagatik. Behin hori lortuta, autoa bere terrenora itzuli beharko dugu".

Urienen asmoa, denboraldi honetan beste lasterketaren bat egin, eta "posible" izanez gero datorren denboraldian, zirkuitura itzultzea da. "Nire asmoa, posible bada, datorren denboraldian zirkuituan kotxe honegaz lasterketaren bat egitea da", bukatu du abadiñarrak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!