Kepa Arroitajauregiren oroimenezko txapelketak goi mailako pilotariak batuko ditu Abadiñoko Tornosolo trinketean

Joseba Derteano 2021ko ira. 29a, 08:46
Tornosolo pilota elkarteko, Munduko Pilota Batzarreko eta Mankomunitateko ordezkariak, txapelketaren aurkezpenean.

Txapelketa bariku honetan hasi eta urriaren 29an amaituko da. Paleta gomako bikote bat mistoa izango da, Nagore Martin arabarrak eta modalitateko onena den Santiago Andreasen argentinarrak osaturikoa.

Kepa Arroitajauregiren oroimenezko trinkete txapelketak bigarren aldia hasiko du barikuan. Buruz burukoan, Ipar Euskal Herrian oso maila onean dabiltzan lau pilotariren artean egongo da txapela. Bestalde, emakumeen paleta goman eta paleta goma mistoan, munduko txapelketetan aritu diren hainbat pilotari ikusteko aukera egongo da Abadiñoko Tornosolo trinketean. 

Iazko lehenengo aldia finalerdietan eten behar izan zuten, COVID-aren agerraldi berri bategaitik. Gerora, txapelketa amaitzen ahalegindu dira, baina ez da posible izan.  Aurten, printzipioz, ez du ematen oztoporik egongo denik txapelketa osorik jokatzeko, eta ahalik eta karteldegirik erakargarriena osatzen ahalegindu dira.

Buruz buruko txapelketak lau pilotari ditu eta bizkorra izango da: finalerdiak eta finala. Urriaren 15ean, Inhar Ugartek eta Ekhi Ziarrustak neurtuko dituzte indarrak, eta urriaren 22an, Asier Aspuruk eta Eneko Maizek. Aspuru da faboritoa txapela irabazteko, baina garaipena garesti dago, gainerako hiru pilotariak ere maila onean dabiltza-eta Ipar Euskal Herriko torneoetan. Bestalde, pilotari abadiñarrak albiste itzel bat jaso du oraintsu: Superprestige torneoan jokatuko du, Ipar Euskal Herriko txapelketarik garrantzitsuenean. 

Paleta goman, kalitatea

Paleta goma mistoa binaka jokatuko da. Bikote bat ezik, gainerako guztiak gizonek osaturikoak dira. Nagore Martinek eta Santiago Andreasenek osaturikoa da salbuespena. Martin arabarrak sarritan erakutsi ditu paleta gomarako dituen askotariko dohainak, eta Andreasen argentinarra gaur egun modalitate honetan dagoen "palistarik onenetarikoa da, onena ez bada", Tornosolo pilota elkarteko Ander Martinen esanetan. "Adituen ustez, eurak dira irabazteko faboritoak", gaineratu zuen elkarte bereko Ander Antxiak atzoko aurkezpenean. Eskualdeko palista bi ere arituko dira: Iñigo Arrieta durangarrak Unai Sagarzazugaz osatuko du bikotea, eta Mikel Iraurgi abadiñarrak Gorka Pablosegaz. Urriaren 1ean eta 15ean dira kanporaketak.

Emakumeen paleta goman, Amaia Larralde-Sylvie Halsouet bikotea da faborito, baina maila handiko palistak datoz eta txapelketa berdindua itxaroten dute antolatzaileek. Urriaren 8an, 15ean eta 22an dira kanporaketak.

Txapelketa denetako finalak urriaren 29an jokatuko dira, Tornosolon.

Azkenik aipatzekoa da aurten 'Kepa Arroitajauregi' saria banatuko dutela eta Keparen baloreak ondoen ordezkatzen dituzten pilotariek jasoko dute.

Txapelketa Tornosolo pilota elkarteak antolatuko du, MPBren eta Mankomunitatearen laguntzarekin, besteak beste.

URRIAK 1, 18:30, TORNOSOLON

PALETA GOMA MISTOA

- Iraurgi-Pablos / Iraburu-Maisterra
- Sagarzazu-Arrieta / Donazar-Oroz

URRIAK 8, 18:30, TORNOSOLON

EMAKUMEEN PALETA GOMA

- Ibañez-Ardanaz / Isasmendi-Saez
- Irazustabarrena-Arrieta / Sobrino-Saez

URRIAK 15, 18:30, TORNOSOLON

EMAKUMEEN PALETA GOMA

- Larralde-Halsouet / hilaren 8ko irabazleak

PALETA GOMA MISTOA

- Martin-Andreasen / hilaren 1eko irabazleak
- Suzanne-Bidegain / hilaren 1eko irabazleak

BURUZ BURU

- Ugarte / Ziarrutsa

URRIAK 22, 18:30, TORNOSOLON

EMAKUMEEN PALETA GOMA

- Mendizabal-Galdos / hilaren 8ko irabazleak

BURUZ BURU

- Aspuru / Maiz

URRIAK 29, 18:30, TORNOSOLON

- Final guztiak

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!