“Lasterketan parte hartuko ez dutenek esaten digute: 'Ez dago beste gairik ala?'”

Joseba Derteano 2021ko ira. 24a, 09:30

Traña-Matienako kuadrilla batzuek gai bakarra darabilte ahoan azken aspaldian. 12 laguneko talde bik Wop Challenge-n parte hartuko dute urriaren 2tik 3rako asteburuan. Probako 19 etapak —226 kilometro korrika— erreleboka egingo dituzte, Bizkaia zeharkatu eta Bilbon amaituko den lasterketan. Pike sanoa sortu da talde bietako kideen artean. Ion Zubizarreta Pascual eta Egoi Urriz Bengoa Taberna Zarra taldekoak dira; Martiñe Usabel Lizundia eta Jon Mendizabal Elexpuru, ostera, Motozain taldekoak. Helburua argi dago: bata bestearen aurretik geratzea. Irabazleentzat loria eta galtzaileentzat… urtebeteko bromak!

Zelan sortu ziren taldeak?
Jon Mendizabal: Orain urte bi, Matienan genbiltzala jendea korrika pasatzen ikusi genuen. Lasterketa bat ematen zuen. Orduan ezagutu genuen lehenengoz. Eta, aurten, lagun arteko solasaldi batean, talde bat sortu eta parte hartzeko ideia irten zen. Ekain-uztail ingurua zen eta ez zegoen denbora askorik prestatzeko, baina badakizu horrelako burutazioek zelan egiten duten aurrera, ezta? "Ezetz egin!", esanda.
Ion Zubizarreta: Motozain enpresak probak egiten ditu motoekin. Hango lagun bat dugu eta taldea sortuz gero bera babesle izateko prest zegoela esan zigun. Hortik irten zuen lehenengo taldeak.
Egoiz Urriz: Taldera batzea proposatu zidaten, baina izena eman orduko taldea bete egin zen, segituan. Orduan, lau-bosten artean beste talde bat sortzea okurritu zitzaigun. Egia esanda, pare bat egunean bagenituen hamabi lagunak. 

Talde bien artean pikea dagoela esan didate.
J.M.: Bai, jakina, badago.
Martiñe Usabel: Pike sano bat.
E.U.: Batzuk beste batzuk baino gehiago, egia esanda. Batzuek ondo daramate eta beste batzuek…

Irabazi egin gura dute!
I.Z.: Baina irabazi batak besteari! Badakigu proba bera ez duela talde bietako batek ere irabaziko.

Lagun artean elkarregaz zabiltzatenean berba asko egiten duzue probari buruz? 
J.M.: Ez dizut esango gai bakarra denik, baina ia-ia!
I.Z.: Lasterketan parte hartuko ez dutenek esan ohi digute: "Ez dago beste gairik ala?".
E.U.: Dena komentatzen dugu. Zer entrenamendu egin dugun egun horretan, denborak, sentsazioak…

Eta kontatzen duzuenetik, zenbat da egia eta zenbat bestea despistatzeko esana?
I.Z.: Nire kasuan, dena da egia. Ez dut ezer ezkutatzeko.
M.U.: Ni ere zintzoa naiz. Azken batean, bakoitzak duen maila du eta ez da sekretua ere.
I.Z.: Gainera, korrikalaririk onenak ez dira hona etortzen entrenatzera…
J.M.: Entzun dut, bai, fitxaketa batzuk egin dituzuela…
M.U.: Herritik kanpoko fitxaketa!
E.U.: Tira, gure taldeko baten ezaguna da. Triatloietan dabilen bat. Bilbotar bat.
I.Z.: Ez da, ba, zornotzarra?
M.U.: Begitu, eurek ere ez dakite nongoa den!

Jon eta Martiñe, zer deritzozue fitxaketa honi?
J.M.: Niri berdin dit. Etapan elkarregaz bagoaz, itsasora botako dut, besterik ez! (barrez). Hori bai, gero poteoan lagunak berriro.

Zuek zer esperientzia duzue horrelako lasterketetan?
I.Z.: Nik batere ez. Aspaldi futbolean aritu nintzen.
E.U.: Ni pandemiagaz mendian korrika hasi nintzen. Honegaz, asfaltoan askoz gehiago nabil.
M.U.: Ni bizikletan ibili izan naiz batez ere. Eta orain korrika, jakina.
J.M.: Lehenago, astean behin edo birritan egiten nuen korrika. Orain, askoz serioago nabil. Esango nuke denoi korrika egiteko zaletasuna piztu zaigula proba honegaz. 24 pertsona korrika ipini ditu berriro.

Astebete baino ez da falta. Ehuneko ehunean zaudete?
J.M.: Ni %90ean (barrez). Ehuneko ehunerako bidean. Kontuan hartu behar da taldea sortzea ia azken orduko erabaki bat izan dela. Ekain-uztailetik gabiltza entrenatzen, ez urte hasieratik. Denon kasua da hori.
M.U.: Nik goiz eta arratsalde lan egiten dut, baina ahal dudan denetan irteten dut. Nire etapa hamabi kilometrokoa da eta badakit egin dezakedana. Erritmoa zein izango den? Ez dakit. Dakidana da dudan guztia emango dudana.
E.U.: Orain pare bat aste hobeto nengoen. Gero, bizkarra apur bat minduta, geratu egin behar izan nuen. Baina beste astetxo bat geratzen da… ez naiz txarto helduko. Nik etapa bi ditut: lehenengoan dena emango dut eta bigarrena, bada, ikusi egin behar.
I.Z.: Urte asko neramatzan korrika egin barik eta entrenamendu espres honegaz belaunak mindu egin zaizkit, baina orain ondo nago.

Esandako guztia kontuan hartuta, zein talde da faborito?
J.M.: Nik uste eurek direla faborito, Taberna Zarra taldekoak. Baina ez diot triatloilariagaitik. Orokorrean, lau-bost korrikalari nahiko potenteak dituzte.
M.U.: Eta gaztetasuna ere badute. Batez beste, adinez gazteagoak dira. Gorabehera handirik ez badago, eurek irabaziko dute.
I.Z.: Nik ez dut hain garbi ikusten faboritoak geu izatea. Nire ustez, eurek ere hainbat korrikalari on dituzte.
E.U.: Hori da. Euren kalkuluak eta  errealitatea ez datozela bat uste dut. Nik ez dut batere garbi ikusten nork irabaziko duen.

Dena ez da korrika egitea, logistika bat ere eskatzen du. Zelan daramazu arlo hori?
J.M.: Guk etapa bakoitzeko korrikalariak aukeratuta ditugu. Horrez gainera, bestelako kontuak ere lotuta ditugu. Korrikalariak kotxean irteerara eramatea, orduak zaintzea… Horrek guztiak antolaketa bat eskatzen du.
E.U.: Gure kasuan, etapa bakoitzeko korrikalariak erabakita ditugu, baina gainerako guztia… ez hainbeste.
J.M.: Hara, horretan gu hobeto gabiltza orduan! Korrika ez dakit baina horretan behintzat…
I.Z.: Tira, baina oraindino badugu astia eta ez dut uste hain gatxa denik.

Errugbi munduko analogia erabiliz, lasterketa amaitzen denean hirugarren denbora egongo da?
E.U.: Bai, jakina! Lasterketaren hurrengo asteburuan bazkaria denok elkarregaz!
J.M.: Eta egunean bertan ere zeozer egongo da.
M.U.: Batzuk jai hartu dute astelehena…
I.Z.: Azken batean, lagunak gara. Denok lan ona egitea gustatuko litzaidake. Gutariko askorentzat erronka pertsonal bat ere bada lasterketako gure etapak amaitzea eta ahalik eta ondoen egitea.

Galtzaileek ezer ordaindu behar dute?
E.U.: Ohorea baino ez dago jokoan.  Nahikoa penitentzia da urtebetean besteen bromak eta adar-jotzeak entzun beharra…

JON SOLAGAISTUA ETA EGOI URRIZ, TRAÑA-MATIENATIK IGAROKO DEN ERRELEBOKO PROTAGONISTAK 

Wop Challenge lasterketa 19 etapatan banatuta dago eta euretariko lauk Durangaldeagaz lotura dute: 4. eta 7. etapak eskualdean amaitu eta hasiko dira, hurrenez hurren. Tarteko biak Durangaldean izango dira osorik. Denetan bereziena 5. etapa izango da talde bientzat, Matiena erditik igaroko da eta.

Urkiolako mendate gainean hasiko da erreleboa, eta Txakurzulo inguruan Mendiolaraino doan pistan sartuko dira. Handik Durangora joango dira lehenengo, eta Matienara ondoren. Matiena erditik igaro eta San Blas hostalaren parean egongo da erreleboaren amaiera (15,6 kilometro).

Bai Taberna Zarra taldean eta bai Motozain taldean abadiñar bik egingo dute etapa hori: Egoi Urrizek eta Jon Solagaistuak. Kuadrilla berekoak dira gainera. Berarentzat momentu "polita" izango dela onartu du Urrizek.

Zapatu arratsalde-iluntzean pasatuko dira Matienatik. Dena ondo badoa, 21:00-21:30 inguruan. Eta baliteke biak batera edo oso denbora gutxiren barruan pasatzea. "Aurreko lau etapetan talde bakoitzetik zein korrikalari ibiliko diren ikusita, niren ustez ez da alde handirik egongo bien artean. Polita izango litzateke biak batera pasatuko balira", onartu du Ion Zubizarretak. Lasterketaren harira, zapatu iluntzean Matienan "giroa" egongo dela aurreratu dute.

Hurrengo etapa ere eskualdean izango da osorik. Matienatik Oizera joango dira, Garaitik igarota. 13 kilometroko ibilbidea da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!