Ardanza brontzezko domina bategaz eta Azkorbebeitia bigaz bueltatu dira munduko sokatira txapelketatik

J.D./M.Z. 2021ko ira. 23a, 15:30

Julen Ardanza. (Argazkia: Lur Gil)

Joan den astean, lur gaineko Munduko Sokatira Txapelketa jokatu zen Getxon. Bertan Abadiño sokatira taldeko kide bi izan ziren: Julen Ardanza eta Martxel Azkorbebeitia. Abadiñarrak brontzezko hiru dominagaz bueltatu ziren herrira. Ardanza Laukizko Gaztedi taldeagaz lehiatu zen eta brontzeko domina bat eskuratu zuen. Azkorbebeitia Erandioko Goierri B taldeagaz ibili zen eta brontzezko domina bi lortu zituen.

Ardanza oso pozik dago Gaztedik Munduko Txapelketan lorturiko emaitzagaz. "Balorazioa oso ona da. Klub moduan Gaztedik urrezko domina bi eta brontzezko bat atera ditu eta selekzio moduan ere, Gaztediko tiralariak aritu ginen, Euskal Herriaren izenean. Eta hor ere urrezko domina bi lortu ziren, bata gizonezkoetan eta bestea emakumezkoetan", adierazi du Julen Ardanza abadiñarrak. Bestalde, Martxel Azkorbebeitia gaztea "oso ondo" ikusi duela adierazi du Ardanzak. Abadiño sokatira taldeko gazteak brontzezko domina bi eskuratu ditu Erandioko Goierri B taldeagaz.

Ardanza sokara bueltan
Getxon jokaturikoa ez da izan Ardanzaren lehenengo lur gaineko Munduko Sokatira Txapelketa. 2014an, Estatu Batuetan jokatu zen Munduko Txapelketan egon zen abadiñarra eta urrezko domina bat eta brontzezko beste bat eskuratu zituen. Baina harrezkero urte dezente egin ditu sokan tiratu barik. "Urte askoan tiratu barik egon naiz, baina aurten berriro ere martxa hartu dut", esan du. Hala ere, lur gainekoagaz seguruenik ez duela jarraituko azaldu du. "Hainbaten utzi egingo dut lur gainekoa. Hau oso gogorra da, azkenean entrenatzera joateko hainbat kilometro egin behar dut, beharrean txandak aldatu behar ditut... Beraz, hemendik aurrera, Abadiño sokatira taldeari ahal dudan neurrian laguntzen arituko naiz", adierazi du Ardanzak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!