"La Palma kaosa da une honetan"

Maialen Zuazubiskar 2021ko ira. 21a, 19:30

Joan zen domekan, Kanaria uharteetako La Palman Cumbre Vieja sumendia piztu zen. Bertan da Naroa Urien abadiñarra, EITBko berriemaile berezi lez.

Domeka arratsaldean piztu zen erupzioa sumendian. Zu non zeunden une hartan?
Tenerifen (Kanaria uharteak) nengoen, autobusean aireportura bidean, etxera bueltatzeko. Ahizpagaz batera Tenerifera joan nintzen oporretan, egun batzuk pasatzera. Barikutik La Palman lurrikarak zeudela entzuten genuen, eta gura barik ere, sumendian gertatzen zebilenari adi nengoen. Badakizu, kazetariok horrelakoak gara.

Autobusean gindoazela, jendea garrasika hasi zen, "erupzioa, erupzioa!". Orduantxe, lankideak ea zer giro genuen galdetzen hasi zitzaizkidan, eta, horren ostean, lanetik deitu zidaten. La Palmara joatea proposatu zidaten. Hegaldia aldatu, hotel bat hartu eta ordutik nago hemen.

Zer aurkitu duzu hor?
Hau izugarria da. Alde batetik, ikusgarria da sumendi bat bertatik bertara ikustea. Seguruenik, nire bizitzan ez dut berriro horrelakorik ikusiko. Baina, beste alde batetik, La Palma kaosa da une honetan. Hotelera heldu ginenean, jendearen sufrimendua ikusi genuen, mundu guztia alde batetik bestera korrika, arduratuta. Benetan egoera gogorra bizitzen dabil jendea, eta kazetari lez hau bizitzea ikaragarria da.

Imajinatzen dut lehenengo aldia izango dela horrelako hondamendi natural baten berri ematen duzula.
Bai, sekula ere ez dut horrelakorik bizi izan. 22 urte baino ez ditut, eta urtebete pasatxo daramat lanean. Niretzat La Palmara etorri ahal izatea izugarria da, hemen egotea, zer gertatuko den ere ez jakitea, saltsan egotea, 24 orduz, kazetari lez aritzea. Gainera, lehenengoz bidali naute berriemaile berezi lanetan.

Oso egoera gogorren lekuko izaten ari zara.
Horixe da kazetaritzaren alderik gatxena. Bertako jendearen lekuan jartzen naiz eta hau oso gogorra da. Hori bai, aitortu behar dut harrituta nagoela Kanarietako jendeagaz. Oso jende solidarioa da. Ikaragarri laguntzen diote elkarri, eta bizipen hori ere neugaz eramango dut Euskal Herrira.

Sentitu duzu beldurrik?
Aurkitu genuen lehenengo hotelean hartu genuen ostatu. Leku seguruan dagoela esaten digute, baina ikusten dugu geroago eta erupzio-aho gehiagok irteten dutela sumenditik. Gainera, lurrikarak daude, egunez zein gauez, eta baita zaratak ere. Horrek urduritasun puntu bat sortzen dizu, eta tentsio-egoera bizi duzu une oro.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!