Oihana Azkorbebeitia bigarren Grigne Skymarathon mendi lasterketan, Italian

Anboto 2021ko ira. 19a, 18:41

Orain bigarren dago Skyrunner Munduko Kopako sailkapen nagusian.

Grigne Skymarathon mendi lasterketa jokatu da gaur Italian, Pasturo herrian. 

Skyrace World Series Munduko Kopako bederatzigarren proba puntuagarria izan da. Berez, 42 kilometroko lasterketa da, baina antolatzaileek ibilbidea laburtu behar izan dute eta tarterik arriskutsuenak kendu, eguraldi txarragaitik. Azkenean, lasterketako 350 korrikalariek 23 kilometroko ibilbidea osatu behar izan dute, 1.800 metroko desnibel positibokoa. Bertan, Oihana Azkorbebeitia korrikalari abadiñarra bigarren sailkatu da emakumetan, 2.30.37ko denbora eginda. Hillary Gerardi korrikalari estatubatuarra izan da neska irabazlea (2.24.28). Fabiola Conti arineketalari italiarra sailkatu da hirugarren (3.31.10). Gizonetan, Daniel Antonioli korrikalari italiarra nagusitu da (1.58.07). Gaurko bigarren postuari eskerrak, eta lau probatan parte hartuta, Azkorbebeitia bigarren dago orain Skyrunner Munduko Kopako sailkapen nagusian, 284 puntugaz, Denisa Dragomir korrikalari errumaniarraren atzetik. Munduko Kopako hurrengo lasterketa Euskal Herrian jokatuko da, Zeanurin, datorren domekan: Gorbeia Suzien (31 km, 2.400 md+)

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!