Traba haiek ikusita, Abadiñoko hamar bat herritarrek elkarte baten bueltan antolatzea erabaki zuten boluntariotza lan bat hasteko. Goizalde Salterain da boluntarioetariko bat. "Gu hona ailegatu baino lehenago, baziren katuei jaten ematen zien beste hainbat herritar. Orain elkartu egin gara eta talde bat osatu dugu denon artean. Momentu honetan, udalaren baimena dugu katuen zainketaz arduratu eta jaten emateko. Ardura hori gure gain dugu", dio Salterainek.
Elkarteak 100 kale katu ditu identifikatuta, bakoitza bere fitxagaz eta argazkiagaz. Besteak beste, Gazteluan, Mendiolan, Astolan, Sagastan, Traña-Matienan eta Zelaietan identifikatu dituzte katu koloniak. Ezin katuen kopuru zehatza zehaztu, baina. Salterainen esanetan, elkartearen helburua "katuen osasuna bermatzea, haien kolonia inguruak garbi mantentzea eta haiek aterpetzeko etxolak ipintzea" da. "Ulertu behar duguna da katu hauek askotariko arrazoiengaitik amaitu dutela kalean bizitzen. Edo galdu egin dira edo abandonatu egin dituzte; baina etxea dute sorburu". Elkarteak ateak zabalik ditu boluntario lez parte hartu gura duenarentzat. Sare sozialetan ipini daiteke eurekin hartu-emanetan. Dohaintzetarako, 679290896 bizum zenbakia dute.