Oihana Azkorbebeitia hirugarren Austriako Hochkönig Skyrace mendi lasterketan

Anboto 2021ko ira. 4a, 15:00

Hirugarren jarraitzen du Munduko Kopako sailkapen nagusian.

Gaur, mendi lasterketen Munduko Kopako zazpigarren lasterketa jokatu da Austriako Maria Alm herrian: Hochkönig Skyrace. Austrian korritu den bigarrena da. 32,6 kilometroko proba izan da, 2.720 metro positiboko desnibelekoa, eta Oihana Azkorbebeitia korrikalari abadiñarrak podiuma zapaldu du, hirugarren sailkatuta. Hauxe da lasterketa amaitzeko behar izan duen denbora: 4.27.24. Denisa Dragomir korrikalari errumaniarra nagusitu da nesketan (4.19.09). Bera zen faboritoa. Georgia Tindley korrikalari britainiarra izan da bigarrena (4.23.32).

Mutiletan, Jakob Herrman arineketalari austriarrak irabazi du (3.39.29), Sebastian Falkensteiner sailkatu da bigarren (3.43.32) eta euskal selekzioko Asier Larruzea gueñestarrak osatu du podiuma (3.46.19). Ander Iñarra lezoarra, bera ere euskal selekziokoa, sailkatu da laugarren (3.47.03).

Munduko Kopako lasterketen erdiak jokatuta, Azkorbebeitiak hirugarren jarraitzen du sailkapen nagusian. Hiru probatan parte hartu du orain arte, eta, azkenean, korrikalari bakoitzaren lau emaitzarik onenak kontuan hartuko dira. Korrikalari abadiñarrak 204 puntu zakuraru ditu orain arte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!